Bisitak, filmak eta on-line jokoak eskainiko dituzte Bakearen Astean
Bakearen Museoak 'Minecraft' joko interaktiboan parte hartzeko deia egin die ume eta gazteei. Irailaren 26an eta 27an egingo dute ekimen hori, eta mundu zabaleko gazteak batu gura dituzteBakearen Asterako zenbait jarduera eskainiko ditu Gernika-Lumoko ...
Bakearen Museoak ‘Minecraft’ joko interaktiboan parte hartzeko deia egin die ume eta gazteei. Irailaren 26an eta 27an egingo dute ekimen hori, eta mundu zabaleko gazteak batu gura dituzte
Bakearen Asterako zenbait jarduera eskainiko ditu Gernika-Lumoko Bakearen Museoak, irailaren 22an hasi eta 27ra bitartean. Doako bisita gidatuak eskainiko ditu datorren martitzenean, 13:00etan; eta museora sarrera ere doakoa izango da.Irailaren 25ean, aldiz, zine klubagaz batera eskainiko du Ava DuVernai zuzendariaren Selma pelikula. Lizeo Antzokian izango da proiekzioa, 20:30ean.
Eta asteburuari begira ere zer eskaini badauka Bakearen Museoak. Eskaintza berritzailea da dakarrena irailaren 26rako eta 27rako. Hain zuzen, sarean jokatzeko gonbidapena egin gura die museoak herriko, inguruko zein kanpoko gazteei.
Eraiki
Minecraft bideojoko ezaguna baliatuz, Gernika, bakearen hirian murgiltzeko aukera izango dute gazteek. Barrura sartu eta eraikitzeko aukera izango dute.
Minecraft-ek dituen bi ataletatik Sortzailea aukeratu, eta sarean esperientziak partekatzeko aukera edukiko dute parte hartzaileek.
Etxeak, fatxadak… eraikiz, hiriak sortuko dituzte joko horren barruan. Hala, eraikinak egin ahala sortuko dituzte herri edo hiriak, eta bizilagunak agertzen joango dira. Gainera, jokoan parte hartzen ari direnen artean elkar laguntzeko aukera ematen du jokoak.
Jokoa jaitsi behar da
Games for peace komunitateak erabili izan du joko hori Palestinako eta Israelgo umeen arteko jokoa eta harremana bultzatzeko. Oraingoan ere, erakunde hori izango da Bakearen Museoak bultzatutako ekimena posible izateko zerbitzaria eskainiko duena. Hara sartzeko pasahitza irailaren 26an jakinaraziko dutela zehaztu du Gernika-Lumoko Bakearen Museoak. Internet bidez, sare sozialetan egingo dute publiko pasahitza.
Hori bai, gogoratu du ekimen horretan parte hartzeko beharrezkoa dela jokoa deskargatzea