Baserri giroan, agur andramariei
Xixili erreta, datorren urtera arte egurtu dituzte jaiak bermeotarrek; atzokoa, baina, goi-goitik gozatzeko eguna izan zuten: goizetik gauera, jarduera ugari izan zituzten.Baserri giroan amaitzen dute urtero Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak bermeotar...
Xixili erreta, datorren urtera arte egurtu dituzte jaiak bermeotarrek; atzokoa, baina, goi-goitik gozatzeko eguna izan zuten: goizetik gauera, jarduera ugari izan zituzten.
Baserri giroan amaitzen dute urtero Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak bermeotarrek. Hego haize boladak bai, baina tenperatura onagaz igaro zuten atzo Bermeon Santa Eufemia Eguna. Hala, asko izan ziren mahona jantzi eta goiz-goizetik Lamerara atera ziren herritarrak. Dozenaka erakusmahaitan, hainbat produktu dastatzeko eta erosteko aukera izan zuten. Beste urte batez, arrakastatsuak izan ziren talo eta txorizoa eta okela errea.Herriko txikienek, berriz, Taraska aukeratu zuten atzo. Abereen erakusketa jarri zuten bertan, eta askok goiz osoa eman zuten han; ardiak, zaldiak, idiak, behiak… ikusteko aukera egon zen.
Gaztelun ere Santa Eufemia Eguna ospatzen dute, eta hainbat dira bertara hurbiltzen diren herritarrak, bai eta Bermeoko udalbatza ere. Erraldoien Konpartsaren ekitaldiaren eta hainbat dantza egin ostean, omenaldirako tartea hartu zuten. Aurten, 23 urte dituen Gaizka Aurrekoetxea Novas bermeotarra omendu dute, bera baita herriko abeltzain gazteena. Gazteluko bizilagun izandako Jesus Fernandez Erekatxo Pikio ere izan dute gogoan, eta bere alaba Naiara Fernandezek hartu du aitaren argazkiagaz egindako margolan bat.
Gaztelutik mugitu barik, Euskeraz Berbetanek antolatuta, Balkoitik Balkoira bertso botaka ibili ziren Itxaso Paia, Iratxe Ibarra eta Miren Amuriza bertsolariak. Haien saioaren ostean, Lamerara jaitsi ziren herritar asko, Bermeoko txosnek antolatutako herri kirolen erakustaldiagaz gozatzera.
Bestalde, eguraldi txarragatik martitzenean bertan behera geratu ziren nagusien danborrada eta suzko zezena ere atzo egin zituzten, Xixiliri azken agurra eman aurretik.
22:00etan hasi zuten Goiko Plazatik doluzko ibilbidea. Baltzez jantzita bertaratu ziren herritar asko Xixiliri agur esateko. Portura iritsita, su eman eta datorren urtera arte agurtu zituzten jaiak bermeotarrek.