
Xixiliri agur esateko unea iritsi zaie bermeotarrei, hamar egun luzeren ostean gaur gauean erreko dute Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako protagonista nagusia.
Santa Eufemia eguna ospatzen dute gaur Bermeon, eta egun hori baserri giroko azokarekin lotu ohi dute herritarrek. Hala, 10:30eatatik aurrera hainbat produktu dastatu eta erosi ahalko dira Lameran. Aurten, gainera, abereen erakusketa ere egongo da Taraskan.
Gaztelun ere jai eguna dute gaur.Hainbat izan dira bertara hurbildu diren herritarrak, bai eta Bermeoko udalbatza ere. Erraldoien Konpartsaren ekitaldiaren eta hainbat dantza egin ondoren, omenaldirako tartea hartu dute goizeon. Aurten, 23 urte dituen Gaizka Aurrekoetxea Novas bermeotarra omendu dute, bera baita herriko abeltzain gazteena. Gazteluko bizilagun izandako Jesus Fernandez Erekatxo
Pikio ere izan dute gogoan, eta bere alaba Naiara Fernandezek hartu du aitaren argazkiagaz egindako margolan bat.
22:00etan hasiko da Xixiliri agur esateko unea. Goiko Plazatik abiatuko da doluzko ibilbidea. Olatu hormara iritsita, su emango diote Xixiliri, eta su artifizialekin datorren urtera arte agurtuko dituzte jaiak.
GAURKO EGITARAUA
10:30. Baserri giroko azoka Lameran eta abereen erakusketa, San Frantzisko enparantzan.
10:45. Udalbatza Gizarte eta Kultura Etxetik abiatuko da Santa Eufemia elizara, Aiarako musika bandak eta Bermeoko txistulariak lagunduta.
11:00. Meza nagusia Santa Eufemia elizan. Ostean, udalbatza Santa Eufemia enparantzan batuko da Bermeoko txistularien eskutik alkate soinua entzuteko. Ondoren, Bermeoko erraldoien konpartsaren ekitaldia egongo da, eta bai eta Aiarako musika bandaren saioa ere.
Ondoren, Bermeoko Erraldoien Konpartsaren kalejira Santa Eufemia enparantzatik Lamerara eta Portuzarrera.
12:00. Trikitilariak azoka eta inguruetatik.
12:00. Okela dastaketa, Lameran.
12:30. Gazteluko auzokide bati eta Bermeoko abeltzain gazteenari omenaldia, Santa Eufemia enparantzan.
13:00. Balkoitik Balkoira, Santa Eufemia enparantzan.
13:00. Giza probak, Lameran.
18:00. Umeentzako jokoak, Lameran.
19:00. Dantzaldia Aiarako musika bandagaz, Lameran.
19:00. Nagusien danborrada. Irteera Atalde kaletik eta amaiera Lameran.
22:00. Doluzko ibilbidea Aiarako musika bandagaz, Xixili aurretik dala. Azken agurra eman eta Xixili erreko da, olatu horman. Ondoren, Zaragozana pirotekniaren eskutik, su artifizialak olatu hormako espigoitik.
Gaur goizeko zenbait irudi: