
Forutik Forura mendi martxa
Irailaren 27an egingo dituzte aurten Foruko mendi martxa eta mendi lasterketa. Biak ere 21, 6 kilometroko ibilbidea izango dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Gainera, Foruan egingo duten mendi lasterketa erabakiorra izango da Campos Urdaibai Koparako. Azken proba izango da, eta, sailkapena berdinduta dagoenez, Foruan erabakiko da zeintzuk izango diren aurten txapela jatziko duten korrikalariak.
Gizonezkoen artean Jose Gabriel Ruiz da oraingoz sailkapen buru, baina Zornotza Mendi Taldeko korrikalariak atzetik ditu Arrolapeko Aritz Martin eta Aritz Arruti.
Emakumezkoen artean, bestalde, Laura Veronica Carrillo Soto da sailkapen buru. Agurtzane Argiaro da bigarren postuan, eta hirugarren da Arrolapeko Leire Monasterio.
Inskripzioak
Haitz Biribil elkarteak antolatuta, VII. Forutik Forura mendi martxa eta mendi lasterketa egingo dituzte aurten.
Izena emateko epea zabalik dela jakinarazi dute antolatzaileek, eta aldez aurretik apuntatzeko azken eguna irailaren 22a izango da. Hain zuzen, www.haitzbiribil.com webgunean eman daiteke izena, edota Haitz Biribil elkartean, domeketan.
Egunean bertan –irailaren 27an– ere izena emateko aukera izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, irteerarako zehaztutako orduak baino ordubete lehenago zabalduko dituzte inskripzio mahaiak.
Hain zuzen, 08:30ean aterako dira mendi martxako parte hartzaileak, eta 10:30ean mendi lasterketakoak.
Prezioak
Izena hilaren 22a aurretik emanez gero, mendi lasterketa egin nahi duten federatuek 12 euro ordaindu beharko dituzte, eta 15 euro federatuta ez daudenek. Egunean bertan, aldiz, inskripizoa 18 eurokoa izango da bai federatuentzat zein federatuta ez daudenentzat.
Mendi martxa egin gura dutenek, bestalde, 10 euro ordainduko dituzte izena aldez aurretik emanez gero, eta egunean bertaan apuntatzen direnek 15 euro ordaindu beharko dituzte.