Euskal Herria Museoak prest dauka 2015-2016 ikasturterako eskaintza
Ikasle, familia eta bisitariei euskal kultura eta historia erakusteko jarduerak zehaztu ditu. Ikasleentzako talde bisitak urritik ekainera bitartean eskainiko ditu museoakEuskal kultura eta historia ezagutzera ematea du helburu Gernika-Lumoko Euskal He...
Ikasle, familia eta bisitariei euskal kultura eta historia erakusteko jarduerak zehaztu ditu. Ikasleentzako talde bisitak urritik ekainera bitartean eskainiko ditu museoak
Euskal kultura eta historia ezagutzera ematea du helburu Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoaren jardunak, eta, turista eta bisitariak ez ezik, herriko zein kanpoko ikasleak ere hartzen ditu. Haientzat, gainera, eskaintza berezia prestatzen du museoak, eta 2015-2016 ikasturtekoa dagoeneko prest du.Urritik ekainera izango dute ikasleek Euskal Herria Museoaren tailerretan parte hartzeko aukera, martitzenetik barikura. Adinaren arabera, tailer batean edo bestean murgil daitezke ikasleak. Guztira, lau tailer dituzte aukeran: Basoak historian (4-12 urte bitartekoentzat); Euskal kultura jokoa (8-12 urte bitartekoentzat); Foruak eta batzarrak (10-14 urte bitartekoentzat) eta Altxorrak eta kartografia (10-16 urte bitartekoentzat).
Saio bakoitzeko 30 parte hartzaile onartuko ditu museoak, eta aldez aurretik erreserba egin beharko da, 94-625 54 51 telefono zenbakira deituta edo euskalherriamuseoa@bizkaia.eus helbidera mezua bidalita.
Tailer horiek 10:00etatik 14:00etara emango dituzte, eta material pedagogikoa eskuratzeko aukera ere izango dute ikastetxeek.
Adinaren araberakoak
Tailerren gaia ez ezik, iraupena ere adinaren araberakoa izango da. 4 eta 12 urte bitarteko umeen tailerrak ordu erdiko iraupena izango du, eta 12 urtetik gorako tailerrek ordu erdi edo ordubeteko iraupena izango dute, kasu horretan ere, gaiaren arabera.
Bisita egiteko gutxienez hamar pertsonako taldea osatu beharko dela jakinarazi du Euskal Herria Museoak. 4 eta 16 urte bitarteko ikasleen bisitetan hogei pertsonako taldeak egingo dituzte, eta 25 pertsonakoak 16 urtetik gorakon kasuan.
Itsuentzako bisitak
Ikasleentzat ez ezik, familientzako eskaintza ere badakar Euskal Herria Museoak. Zapatuetan, 17:00etatik 18:30era bitartean, hainbat jokogaz ikasteko aukera izango dute seme-alabek; Piratak eta altxorrak, herri kirol olinpiadak, euskal kultura jokoa , eta inauteriak, besteak beste.
Familientzako tailerrak doakoak izango dira, baina parte hartu nahi izanez gero, izena eman beharko da aldez aurretik. Gutxienez lau parte hartzailek eman beharko dute izena tailerra egiteko, eta, gehienez, hamabost lagun onartuko dituzte zapatu bakoitzean.
Era berean, opor sasoietan ere tailer bereziak eskainiko ditu Euskal Herria Museoak 2015-2016 ikasturtean. Abenduaren 22an, 23an, 29an eta 30ean izango dira Gabonetako tailerrak; martxoaren 29an, 30ean, 31n eta apirilaren 1ean Aste Santukoak, eta ekainaren 28tik uztailaren 22ra udako tailerrak.
Itsu direnentzat ere eskaintza berezia dauka museoak. Bisita gidatu berezia izango da, eta Euskal Herriko kultura eta folklorea izango dute lantzeko. Bisita horren iraupena ordubetekoa izango da.