Portuzarra konpontzeko proiektua bi hilean prest edukiko du Jaurlaritzak
Urdaibaiko kirol portu bihurtu gura dute Bermeoko Portuzarra. Egun izotz fabrika dagoen lekuan, kapitaintzarako eraikin bat egin gura dutela jakinarazi duteEusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik jakinarazi duenez, Ber...
Urdaibaiko kirol portu bihurtu gura dute Bermeoko Portuzarra. Egun izotz fabrika dagoen lekuan, kapitaintzarako eraikin bat egin gura dutela jakinarazi dute
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik jakinarazi duenez, Bermeoko Portuzarra konpontzeko proiektua idazteko eskaintzak aztertzen ari dira, eta bi hilabeteren buruan prest izatea aurreikusten du. Hiru milioi euroko lanak egingo dituztela azaldu du Oregik, eta behin proiektua esku artean edukita, zortzi hilabete beharko dituzte lanok egiteko.Portuzarrerako aurreikusita duten Plan Berezian «aldaketa zehatz bat» egin gura dute. Aipatu planaren zirriborroaren arabera, «kontsignatarioen biltegiratze gaitasuna handitu gura da, eta olatu-hormako dikean kapitaintzarako eraikin bat eraikitzeko beharrezkoak diren altuerak jarri gura dira».
Adierazi dutenez, hil honetan jasoko dute Bermeoko lonja handitzeko lanei dagokien jardunbiderako zirriborroa. Hain zuzen, honakoak egitea aurreikusten dute: kaxak eta tinak garbitzeko azpiegiturak jarri, horiek biltegiratzeko leku estalia jarri, eta ditxoan izotz fabrika bat egin. Azken horren ekoizpena, gainera, egungo eskarira egokitu beharra dagoela uste dute, eta, era berean, haren eraginkortasun energetikoa hobetu beharra dagoela diote. Proiektuak 120.000 euro balio ditu, eta lanok 2,5 milioi euroko kostua izango dutela jakinarazi dute.
Hala, Portuzar berriak kapitaintzarako eraikin berri bat edukiko luke, eta proiektua eskaintzarako baldintza agiriaren zain dago. Eraikin horren baitan lekua izango lukete Gurutze Gorriak eta Bermeo Arraun Elkarteak, bai eta beste erabilera nautiko batzuetarako zerbitzuek ere. Horretarako, baina, egungo izotz fabrika lekuz aldatu beharko dutela jakinarazi du Oregik.
Jaurlaritzaren asmoa Bermeoko Portuzarra Urdaibaiko kirol portu bihurtzea da. Eraikin horren kostua 5,5 milioi eurokoa izatea aurreikusten dute.
Txibitxiaga eraikin berritua
Bestalde, egun Arraun Elkartea eta Gurutze Gorria kokatzen diren Txibitxiaga eraikinean, Frantxuako arrantzaleen lonjak kokatu gura dituzte.
Orain dela egun gutxi amaitu zituzten iazko itsas denboraleek apurtutako arrantzaleen lonjak konpontzeko lanak. Hala ere, horiek behin-behinerako lekua dute gune horretan. Izan ere, Portuzarrerako Plan Bereziak aurreikusten duen antolamendutik kanpo daude, egungo arrantzaleen lonjen lekuan, eraikin mailakatu bat eraikitzeko asmoa baitu Jaurlaritzak. Gune estali bat egitea aurreikusten dute oinezkoentzat, eta portuko bide berrirako sarrera emango du. Proiektu horrek sei milioi euroko kostua izango luke.
Pantalan berria
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak gogorarazi duenez, aurten igarobidean dauden ontzientzako pantalan berria jarri da Bermeoko portuan. Amarraleku horiek 10 eta 14 metro bitartean dituzten zortzi ontzi hartu ahal dituzte, eta uda honetan aisialdirako ontzi asko jaso dituela esan du Oregik.
Pantalana, baina, udaldirako baino ez dute jarri, eta urrian kenduko dute.