Egun urdin bat baino gehiago
Talko hauts artean ikus zitekeen atzo, urdinez jantzitako herria; mahonez jantzitakoa. Familian edo lagunartean, ez zen Arrantzale Egunaz gozatu ez zuenik.Talko hautsak baino gehiago da Arrantzale Eguna. Kolore urdina gailentzen den egun xume bat baino...
Talko hauts artean ikus zitekeen atzo, urdinez jantzitako herria; mahonez jantzitakoa. Familian edo lagunartean, ez zen Arrantzale Egunaz gozatu ez zuenik.
Talko hautsak baino gehiago da Arrantzale Eguna. Kolore urdina gailentzen den egun xume bat baino gehiago da irailaren 9a. Itsasoari lotuta egon direnak eta daudenak oroitzeko eguna ere izaten da; mahonezko alkandora eta praka edota gona jantzi, eta jai giroan murgiltzekoa.Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako egun berezia da bermeotarrentzat atzokoa; goizean goiz hasi eta gauerdira arte luzatu daitekeen horietakoa. Dantzak, musikak eta alaitasunak hartu ohi dute lekua egun horretan. Ume, gazte zein heldu elkarregaz biltzeko giroa izaten da Arrantzale Egunean, eta, atzo ere, giro hori nabari zitekeen.
Urtero legez, 11:00etan eman zioten hasiera egun urdinari. Meza egin zuten arrantzaleen omenez Santa Eufemia elizan. Eta hortik irtetzerakoan, porturantz abiatu ziren han bildutakoak, trikitilarien musikak lagunduta, Itzulera monumentuaren ondoan itsasoagaz lotura izan duten edota izaten ari direnak omentzeko.
Lamera Gane Txokoak antolatzen du urtero leku horretako hitzordua. Lore eskaintza egin zioten atzo ere, Itzulera monumentuari, eta, hori eginda, Santa Eufemia eta Andra Mari elizetako koruak abesti bi kantatu zituen. Horren segidan omendu zituzten, berriz, itsasoagaz zerikusia duten lagunak.
Itsasoari lotutakoei omen
Batetik, Jesus Astiazaran Bilbaok jaso zuen bere aita Hilarion Astiazaran gilen zerraria zenaren omenezko zapi eta oroigarria. Bestetik, Osasuna eta Izaro ontziek elkar talka egin eta hondoratu ostean, bizirik atera zirenetako bi omendu zituzten: Pedro Meñaka (Osasuna ontzikoa) eta Jose Bengoetxea (Izaro ontzikoa). Meñakaren zapi eta oroigarria bere seme Juanek hartu zituen, eta, Bengoetxearena, ostera, bere alargunak, Antoni Uriondok. Azkenik, 25 urte arraunean daramatzan Iker Zabala bermeotarrari egin zioten aipamen. Urte bi egin ditu Castro arraun taldean, eta gainontzeko 23 urteak, berriz, etxeko taldean. Gaur gaurkoz ere, Bermeon jarraitzen du bogan. Asko dira orain arte irabazitako bandera, txapelketa eta estropadak. Arraunlarientzat hain berezia den Kontxako Bandera, esaterako, zazpi aldiz irabazi du. Gainontzekoek bezala, zapia eta oroigarria jaso zituen atzo Bermeoko gazteak, baina, horrez gain, Peña Bou Bizkaiaren aldetik ere, oroigarri bat jaso zuen. Bertsoa ere kantatu zioten, eta atzean taldekideek sinatutako koadro bat ere eman zioten. Urdaibai taldeko entrenatzaile Jon Salsamendi ere han egon zen, eta hura ere ez zen esku hutsik ailegatu etxera, Lamera Gane txokoak herriko abesti eta liburua eman baitzizkion.
Portutik Goiko plazara joan ziren herritar asko, bertan zirenekin elkartzekotan. Talko hauts artean, eta El Despiste, Los Incansables eta Patxaranga fanfarriekin batera, San Frantzisko enparantzarantz abiatu ziren, ohiko kalejiran. Behin bertan, Taraskari lore eskaintza egin zioten, urtero legez, eta dantza egin ostean, atseden apur bat eman zioten gorputzari.
Jai giroan, gauerdira arte
Lagunartean edo familian bazkaldu ostean, jai giroan jarraitu zuten bermeotarrek. Mariachi Imperial Elegancia Mexicana taldearen kontzertua izan zen Lameran, eta, horren ostean, Gora herriaren dantzaldia. Hori bukatutakoan, musikak jarraitu egin zuen. Jaikide diskofesta izan zen hurrena, eta gauerdian pintxadie izan zen aukeran, txosnetan.
Arrantzaleena egun handia bada ere, jaiak ez dira bukatu Bermeon. Gaur Andra Mari Hirugarrena ospatuko dute, eta hilaren 16ra arte jaiek ez dute etenik izango. Hilaren 19an agurtuko dituzte festak, Bermeoko Uria Ikurrina estropadagaz.