Txurrukak Espainiako Vuelta utzi du, min hartuta
Amets Txurruka txirrindulariak ezin izan zuen herenegungo etapa amaitu. Espainiako Vueltako bederatzigarren etapan erorikoa izan eta min hartu zuenetik ez da lehiatzeko moduan egon. Hala ere, herenegungo etapa hastea erabaki zuen etxebarritarrak.Denbor...
Denboragaz erorikotik hobetuko zela uste zuen Txurrukak, baina, ez da horrela izan. «Etapa hasi eta konturatu naiz ezin nuela indarrik egin eskuineko koadrizepsagaz. Okertuta ibili naiz pedalei eragiten, beherantza ere ezin nuen», adierazi zuen herenegun etapa utzi ostean.
Azaldu duenez, «minduta» dago, baina gehien mintzen duena taldeari laguntzen jarraitu ezin izana da. «Taldean Vuelta oso ona egiten gabiltza, taldea erakusten ari den maila ikusgarria da, eta etxera bueltatu behar izanak izorratzen nau».
Bere indar «guztiekin» saiatu dela dio, baina gehiago ezin izan duela. «Elongazioa dut, eta jostun giharraren eta koadrizepsaren hezurraren arteko lotunean edema bat, eta horrek ez dit esfortsurik egiten uzten».
Hurrengoi begira
«Pena eta amorrua» sentitu ditu Txurrukak, Vuelta «kontzientziaz» prestatu baitu. Hala ere, hurrengo hitzorduei begira dagoela esan du Etxebarriko txirrindulariak.
Sendatu eta Italiako eta Frantziako klasiketarako prest egotea espero du: «Lasterketa horiek dauzkat buruan, urtea ahalik eta modu onenean borobildu nahi dut».