Iaz Kontxako bandera irabazi ostean Urdaibaiko ordezkariei egindako harrera.
Urdaibai nagusitu da gaur arratsaldeko Kontxako sailkapen estropadan. 20 minutu, 10 segundo eta 7 ehunenetan amaitu dute estropada bermeotarrek. Irabazlearen eta Hondarribia bigarrenaren artean tarte estua egon da, 90 ehuneneko aldea baino ez.
Gainerako faboritoek ere ez dute utzik egin, eta Oriok eta Kaikuk hirugarren eta laugarren amaitu dute estropada, hurrenez hurren.
Zazpi txartel zeuden jokoan, eta horiek lortzera atera dira 24 traineruak. Izan ere, Donostiarra etxeko arraun taldea zuzenean sailkatzen da, sailkatze estropada lehiatu gabe.
Hala, Urdaibai estropadako irabazleagaz batera, arraun talde hauek sartu dira Kontxako lehian: Hondarribia, Orio, Kaiku, San Pedro, Tiran eta San Juan.
Domekan, Donostiarra etxeko taldea, Urdaibai 2014ko txapelduna, San Pedro eta Orio lehenengo txandan irtengo dira. Bigarren txanda, berriz, Tiranek, Kaikuk, San Juanek eta Hondarribiak osatuko dute.
Hain zuzen ere, zazpigarren lekua lortzeko unean alde oso estua egon da San Juan eta Astilleroren artean. Azkenean, 22 ehuneneko aldeagaz pasaiarrek lortu dute domekarako txartela.
Bestalde, San Pedrok ezuztekoa eman du gaurkoan, bosgarren denbora onena markatuz: 20 minutu, 29 segundo eta 93 ehunen. Estropada hasi aurretik ez zen txartela lortzeko hautagaia, baina, lan bikaina eginda merezitako saria jaso du.
Zumaia nagusi emakumezkoetan
Gizonezkoen aurretik lehiatu da emakumezkoen sailkatze estropada. Zumaia nagusitu da, 11 minutu, 12 segundo eta 64 ehuneneko denbora eginda.
11 traineru egon dira, baina, laurentzat lekua baino ez dago domekan. Hala, Zumaiagaz batera, honako beste arraun taldeek lortu dute Kontxako banderarako txartela: Hibaika, Orio eta San Juan.
Hain zuzen ere, datorren urtetik aurrera emakumezkoetan ere zortzi traineruk izango dute Kontxako bandera lehiatzeko aukera.
Domekan lehen hitzordua
Domekan lehiatuko dute Kontxako banderaren lehenengo jardunaldia. Sailkatutako emakumezkoen arraun taldeek 11:00etan dute hitzordua. Eta gizonezkoak, berriz, ordu bete beranduago hasiko dira lehian. Datorren astean, hilaren 13an ere ordu berean hasiko dute lehia bi kategorietan.
SAILKAPENA:
- Bermeo-Urdaibai: 20:10:02
- Hondarribia: 20:10:92
- Orio: 20:14:20
- Kaiku: 20:17:88
- San Pedro: 20:28:68
- Tiran: 20:30:24
- San Juan: 20:34:40
- Astillero: 20:34:62
- Cabo: 20:45:52
- Getaria: 20:58:86
- Portugalete: 21:01:18
- Lekittarra: 21:05:52
- Deusto: 21:12:00
- Zumaia: 21:12:42
- Ondarroa: 21:13:86
- Amegrove: 21:18:98
- Mugardos: 21:22:28
- Zierbena: 21:25:46
- Zarautz: 21:31:00
- Pedreña: 21:32:90
- Ares: 21:34:58
- Hibaika: 21:55:62
- Castropol: 22:05:86
- Oiartzun: 23:13:88