Bideguren eta Laburu itsas zeharkaldiaren aurkezpenean, goizean.
Gaur goizean aurkeztu dute Idurre Bideguren Bermeoko alkateak eta Aintzi Laburu Campos-eko Marketing zuzendariak. Adierazi dutenez, parte hartze kopurua handitzea “poztekoa” da. Era berean, emakumeen parte hartzea ere handitu izana “albiste ona” dela nabarmendu dute. “Horrez gain, poztekoa da aurten 25 bermeotar parte hartzaile izango direla”.
Guztira 451 igerilarik hartuko dute parte. Hiru proba egongo dira: 5.000 metroko, 1.500 metroko eta 500 metroko zeharkaldiak. Irabazleek beren pisua kontserbako hegaluzetan jasoko dute.
Bermeoko portuaren eta Izaro uhartearen arteko 5.000 metroko proba 255 lagunek egingo dute (iaz 200 inguruk egin zuten). 1.500 metrokoan, berriz, 151 igerilari lehiatuko dira (iaz 58 parte hartzaile izan ziren). Bestetik, umeentzako 500 metroko zeharkaldian 45 umek eman dute izena (iaz 12 ume egon ziren).
Etzi 09:00etan egingo dute izen ematea. 11:15ean umeen froga hasiko da. Gero, 11:50ean irtengo dira 5.000 metroko proban parte hartuko duten emakumezkoak, eta proba bera egingo duten gizonezkoak, berriz, 12:00etan abiatuko dira. Ostean, 12:10 inguruan ekingo diete lehiari 1.500 metroko distantzian ariko direnek.
1.500 metroko itsas zeharkaldian hamahiru bermeotarrek hartuko dute parte, sei emakume eta zazpi gizon. Umeen probari dagokionez, bermeotarrak hiru neska eta mutil bat izango dira. Bestalde, 5.000 metroko lehian zortzi bermeotar egongo dira, guztiak gizonezkoak.
Halaber, gaurko agerraldian beteranoen kategorian egongo den parte hartze “garrantzitsua” ere azpimarratu dute. 1957. urtean edo aurretik jaiotakoen artean hamalau igerilari ariko dira. Horietatik hamarrek 5.000 metroko zeharkaldia egingo dute, eta besteek 1.500 metrokoa.
Antolatzailen esanetan, “itsas zeharkaldiaren helburua da ur irekien udako egutegian finkatzea eta erreferente izatea”.