Humberto Bilbaoren argazkiak biltzen ditu lanak /Humberto Bilbao
Elantxoben ikusgai dagoen Makuesak erakusketari amaiera emateko ekitaldi berezia antolatu dute zapatu honetarako. Hain zuzen, Kontxako banderan azken hamar urteetan ateratako argazkiekin burututako dokumentala proiektatuko dute; Humberto Bilbaoren
Traineras en el Cantabrico, hain zuzen ere.
19:00etan izango da bideo proiekzioa, Elantxobeko kofradian, eta lana aurkezteaz gain, solasaldia ere egingo dute Bilbaorekin. Traineruak erretraratu ditu Donostiako uretan; traineruak eta arraunlariak, momentu eta bizipen asko betikotuz. Hala, zapatuko ekitaldiak zarratuko du Elantxobeko historiaren zati handi bat bistara utzi duen erakusketa.
‘Makuesak’ erakusketa/ Iñigo Azkona
Elantxoben arrantza munduak izan duen pisua eta jarduera ekonomiko horrek herriari eman diona azaltzen duen erakusketa da ikusgai Elantxoben, abuztuaren 7az geroztik. Iñigo Azkona argazkilari elantxobetararren egitasmoa izan da, eta bidelagun izan ditu hainbat pertsona: argazki erakusketarako beren burua erretratatu duten herritarrak, edota Xabier Enbeita bertsolaria. Azken horrek jarri dizkio testuak argazkiei, eta, argazki eta poemekin, abuztuaren 7an aurkeztu zuten liburua osatu zuten. Kamisetak ere atera dituzte, 15 euroan Elantxobeko tabernetan eros daitezkeenak.
Aurrerantzean erakusketa beste zenbait herritan izango da ikusgai: Ondarroan, Zarautzen edo Gernika-Lumon, esaterako.