Iaz Portzuzarrean bildutakoen taldea
Urteroko hitzordua jarri du Independentista Sareak Bermeon. Udako olatu berdea barikuan iritsiko da Portuzarrera. Independentistek antolatutako «jaialdi alaiean» bilduko dira hainbat lagun, 20:00etatik aurrera.
Urtero egin modura, lehenik eta behin Bermeoko Kankinkabara Txistulari Taldearekin kalejira egingo dute. Behin Portuzarrera iritsita, piper berdez eta txistorraz egindako pintxoak dastatu ahalko dituzte bertaratutako guztiek.
Musikaz gozatzeko aukera ere eskainiko du Independentista Sareak, eta hainbat izango dira biharko olatu berdearekin bat egingo duten Bermeoko musika taldeek. Urgatzek, Inma Anasagasti pianojoleak eta Ana Tere Bengoetxeak eta Tximinok parte hartuko dute, besteak beste.
Gainontzeko urteetan egin modura, gainera, aurten ere familia argazkia aterako dute bertan bildutako guztiekin.
Independentista Sareak, ekimen honetan parte hartzera animatzen ditu herritar guztiak. Bermeotarrei dei egiteaz gain, inguruko herrietako bizilagunak ere parte hartzera deitzen dituzte. Bestalde, olatu berdean partu hartu gura duten horiei guztiei berdez jantzita etortzeko deia egiten die.