Europako lur gaineko sokatira txapelketan parte hartuko du Mutrikuk
Eguenean hasi eta domekara bitartean jokatuko da txapelketa Ipar Irlandan. Mutrikuko taldeko hamabi lagunek biziko dute Europako esperientzia. Guztira, hiru euskal talde joango diraIrailaren 3tik 6ra bitartean Europako lur gaineko sokatira txapelketa j...
Eguenean hasi eta domekara bitartean jokatuko da txapelketa Ipar Irlandan. Mutrikuko taldeko hamabi lagunek biziko dute Europako esperientzia. Guztira, hiru euskal talde joango dira
Irailaren 3tik 6ra bitartean Europako lur gaineko sokatira txapelketa jokatuko da Belfasten (Ipar Irlanda). Bertan, munduko beste hainbat talderen artean Mutriku Sokatira Taldeko hamabi kidek parte hartuko dutela jakitera eman du sokatira federazioak.Honako hauek joango dira Ipar Irlandara: Javier Urresti, Aitor Izagirre, Eder Bergara, Aitzol Urkiza, Ekaitz Arkotxa, Iker Goikoetxea, Jon Badiola, Mikel Agirre, Patxi Ituarte, Uxue Ansorregi, Angel Arrieta (entrenatzailea) eta Marije Ituarte (zuzendaritza taldeko kidea).
Mutrikuarrek nabarmedu dutenez, Europako txapelketan parte hartzeko gogotsu daude. «Azken astean beste euskal taldeko kideekin entrenatzen aritu gara, eta itxura polita erakutsiko dugula uste dugu». Mutrikuarrez gain, beste bi euskal talde ere titulua lortzeko lehian ariko dira: Laukizko Gaztedi taldea eta Erandioko Goiherri. Guztiek gaur ekingo diote bidaiari, eta irailaren 7an bueltatuko dira.
Basque Country legez
Txapelketari dagokionez, bi eratara sailkatuta jokatuko da. Lehenengo bi egunetan kluben arteko txapelketa jokatuko da, eta azken bi egunetan herrialdeka jokatuko da txapelketa.
Aurten, gainera, Euskal Selekzioak Europa mailan Basque Country izendapenarekin jokatuko duen lehen aldia izango da. «Maila ona emango dugula uste dugu. Selekzioan gauden kideon artetik, behintzat, gogoa ikusten da. Orain ikusi beharko da lurra ze egoeratan dagoen, nolako eguraldia egiten digun edota aurkarien maila».
Euskal taldea osatuko duten tiratzaileen artean, gainera, bertoko kirolariak ere egongo direla aurreratu du Mutrikuko taldeak. 680 kiloan tiratzen Patxi Ituarte, Eder Bergara, Iker Goikoetxea eta Javier Urresti ariko dira, eta 23 urtez azpikoetan, ordea, Jon Badiolak, Mikel Agirrek eta Aitor Izagirrek parte hartuko dute.
Klubei dagokienez, Mutrikuk 680 kiloan eta 640 kiloan parte hartuko du. «Pixuz ondo gabiltza oraingoan, 640 ondo sartuko garela uste dugu. Hortaz, 680an sartzeko ez dugu inongo arazorik izango».
Aurten talde eratu berria du Mutrikuk, eta denboraldia oso ona izan ez baldin bada, Europako txapelketan emaitza onak lortzea espero dute. «Ea zelako maila erakusten dugun. Hirugarren edota laugarren postua lortuz gero, gu pozik».