Argazkilaria: TKE liga
9 segundo eta 80 ehuneneko aldea atera zion atzo Hondarribia bigarren sailkatuari. 19 minutu, 37 segundo eta 18 ehunen izan zen Urdaibaik atzo egindako denbora.
Ohorezko txandan irten ziren biak Oriogaz eta Kaikugaz batera; oriotarrak izan ziren hirugarrenak eta Kaiku, berriz, zazpigarren geratu zen estropadako sailkapenean.
Hain zuzen ere, oriotarrak Bou Bizkaiako arraunlariengandik 10 segundo eta 42 ehunenera amaitu zuten proba. Estropadako laugarrena San Juan izan zen. Bigarren txandan San Pedro, Tiran eta Cabori nagusitu zitzaien, eta Urdaibaik baino 15 segundo eta 22 ehunen behar izan zituen estropada amaitzeko.
Zapatuan Hondarribia nagusi
Herenegun, ostera, Hondarribiak denboraldiko hamabigarren bandera lortu zuen Bilbon. Denboraldiko beste jardunaldi batzuetan bezala, alde estua egon zen Ama Guadalupekoa eta Bou Bizkaia ontzien artean. 19 minutu, 23 segundo eta 92 ehuneneko denboragaz irabazi zuten hondarribitarrek, eta bermeotarrei 3 segundo eta 30 ehuneneko aldea atera zieten.
Argazkilaria: TKE liga
Orio hirugarrenak irabazlearengandik 10 segundo pasatxora amaitu zuen lehia, eta Kaiku laugarrenak, berriz, 13 segundo eta 82 ehunenera.
Hurrengo bi asteburuetan ez da TKE ligako estropadarik egongo, eta hurrengo hitzordua Bermeon dute, hilaren 19an.
Ligako azken txanpan daude, eta Hondarribiak lidertzari sendo eusten dio, 195 puntugaz. Urdaibai bigarrenak 177 puntu ditu; Orio da hirugarrena 154 puntugaz eta Kaiku laugarrenak 135 puntu eskuratu ditu.
Bestalde, Patroi onenaren sailkapenean Gorka Aranberri Urdaibaiko patroia da lehenengoa, 17 puntugaz, baina, Orioko Irakoitz Etxeberriak ere puntu berdinak ditu. San Juaneko Jon Ormazabal eta Endika Perez daude hirugarren, 16 puntugaz.
Hurrengo erronka: Kontxa
Asteburuko bi jardunaldien ostean, Kontxako lehiara begira daude orain arraun taldeak. Eguen arratsaldean erlojupeko sailkapen estropada dute, 18:00etatik aurrera. Eta, hurrengo bi asteburuetan lehiatuko dute Kontxako bandera ospetsua.
Gizonezkoen aurretik, emakumezkoen txanda izango da. 17:00etan hasita, 11 arraun talde Kontxan aritzeko txartelaren bila lehiatuko dira: Donostiarra, Zumaia, San Juan, Orio, Hibaika, Hernani, Oiartzungo Itsaslapurrak, Getaria-Zarautz, Chapela, Cabo eta Colindres.
Bestalde, gizonezkoetan honako arraun taldeek egingo dute sailkatze estropada: Amegrove, Astillero, Bermeo-Urdaibai, Cabo, Castropol, Ares, Mugardos, Deusto-Bilbo, Donostiarra, Getaria, Hibaika, Kaiku, Lekittarra, Hondarribia, Oiartzungo Itsaslapurrak, Ondarroa, Orio, Portugalete, Pedreña, San Juan, Sanpedrotarra, Tiran, Zarautz, Zierbena eta Zumaia.
Arraun talde askok hartuko dute parte sailkapen estropadan, baina, horietatik zortzi baino ez dira sailkatuko. Izan ere, lau ontziz osaturiko bi txanda egongo dira. Urtero moduan, zazpi txartel baino ez daude jokoan, Donostiarra etxeko taldea zuzenean sailkatzen baita.