Herritar ugari hurbildu ziren barikuan hirugarren entsegura
Andra Mari hirugarren egunean, herriko kaleak kantuz betetzeko prest dira jada.
Kanta kanta lorue ekimenarekin jaietako egun hori indartzeko asmoa dute Jai Batzordekoek eta herriko hainbat kultur taldek.
Egun horretarako prest egoteko baina, hiru probasaio egin dituzte udan, azkena barikuan egin zutelarik. Hainbat izan ziren hitzorduarekin bat egin zuten herritarrak. Goiko Plazatik abiatuta Bermeoko kaleak zeharkatu zituzten kantu kantari, gutxi gorabehera bi orduko ibilbidea eginez.
Kanta kanta lorue ekimena irekia dela gogorarazi dute antolatzaileek, eta gura duten pertsona guztiek parte hartu ahalko dute; baldintza bakarra «abesteko gogoa» izatea da. Beraz, hilaren 10ean ekimen horretan parte hartu gura dutenek Goiko Plazan egon beharko dute 20:00etan.