Herenegun 2-0 irabazi zion Toledori, denboraldiko bigarren jardunaldian. Hain zuzen ere, bigarren B mailan abuztuaren 22an ekin zioten denboraldiari, eta Gernikak 0-1 galdu zuen Getxoko Arenasen kontrako derbia.
Zapatuan baina Urbietan jokaturiko norgehiagokan nagusi izan zen etxeko taldea. Gol aukera asko izan zituzten gernikarrek, eta beren jokoa egiten asmatu zuten.
38. minutuan Landerrek sartu zuen 1-0-koa; korner jaurtiketa ondo aprobetxatu zuen jokalariak eta buruz sartu zuen partidako lehenengo gola. Atsedenaldira heldu aurretik, Entziondok pare bat gol aukera izan zituen, baina, 1-0-eko markagailuarekin amaitu zen lehenengo zatia.
Bigarren zatia hasi eta berehala egin zuen Etxabek etxekoentzat bigarren gola. Toledoko defentsaren hutsegitea ondo aprobetxatu zuen, eta atezainari iskin eginda 2-0-ekoa sartu zuen.
70. minutuan Toledok 2-1-ekoa egiteko aukera izan zuen penaltiz, baina, Roberto Toledoko jokalariak baloia gora bidali zuen.
850 bat ikusle batu ziren Urbieta futbol zelaian, eta 2.B mailako etxeko estreinaldiaren garaipenagaz pozarren zeuden zaleak. Asteburu honetan Socuellamosen kontra jokatuko dute Ciudad Realen (Gaztela-Mantxa, Espainia).
Bi jardunaldi jokatu ostean, Gernika sailkapeneko zortzigarrena da hiru puntugaz. RM Castilla da liderra sei puntugaz eta Barakaldo bigarrenak ere puntu berdinak ditu. Ondoren lau puntugaz daude Fuenlabrada, Sestao River eta Getxoko Arenas. Gernikaren aurretik Real Union eta Realaren bigarren taldea daude hiru puntugaz.