Bermeoko jaietako bi ekitaldi debekatzeko eskatu du Urkijok
Espainiako Gobernuaren ordezkari Carlos Urkijok Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan euskal presoen alde antolatutako bi ekitaldi debekatzea eskatu du auzitegietara jota. Irailaren 7an Lameran egitekoa den euskal preso eta iheslari politikoen aldeko brindisa eta irailaren 19ko euskal presoen aldeko herri bazkaria debekatzea eskatu du, hain zuzen ere.
Urkijoren esanetan, bi ekitaldi horiek “urratu” egiten dute legeak administrazioari ezartzen dion “objektibotasun printzipioa”.
Era berean, Iñigo Urkullu lehendakariari eskatu dio EH Bilduko alkateei gogora diezaiela “terrorismoaren biktimei ohore egitea” ez datorrela bat “borreroak goratzearekin”.
Uda honetan Ibarrako jaietako txupinazoa, Areatzako txokolate jana eta Arazuriko pintxo-potea debekatu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak.