Ondarroako bigarren raid-ean 50 bikotek parte hartuko dute
Ondarroako Raid-a bigarrenez egingo dute bihar. Koaxi S Concept Triatloi Taldeko kideek esan dutenez, zenbait berritasun dakartza aurten probak. Esaterako, euskal zirkuiturako puntuagarria izango da, estreinako.Horrez gain, iazkoa baino iraupen luzeago...
Horrez gain, iazkoa baino iraupen luzeagoa izango duela aurreratu dute antolatzaileek: «Iaz bost orduko iraupena izan zuen probak, eta aurten zazpi ordukoa izango du».
Iazko proba arrakastatsua izan zen, eta aurten parte hartzaile gehiago izango ditu Raid-ak. Iaz 34 bikote izan ziren, eta, aurten, 50 izango dira, probak ezarritako ia gehiengoa 60 bikote.
Proba 10:00etan hasiko da Alamedan, eta 17:00ak arte, parte hartzaileek hainbat proba berezi gainditu beharko dituzte. Raid-a hiru zatitan banatu dute: Trekking-a,mendiko bizikleta eta herri orientazioa.
Orduak zehaztuta
Antolatzaileek proba bakoitza hasteko ordu batzuk finkatu dituzte. Hortaz, aurretik ezin izango da bloke horretan hasi. «Bikoteek hiru probetan ordez, batean edo bitan parte hartzea euren esku egongo da. Hori bai, sektore bakoitzaren hasiera orduak errespetatu beharko dituzte».
Hainbat ezusteko edukiko ditu lehiak, eta horrek emozioa gehituko diola uste dute. Sektore bakoitzean beste puntuak lortzeko aukera ere egongo da planteatuko diren proba berezietan. Besteak beste, uretako jokoak, eskalada, ginkana, arrautzaren jokoa, kukaña, norabide proba, slacline… egiteko aukera egongo da.
Puntuazioari dagokionez, proba bereziek bina puntu gehituko dituzte. Horiez gain, bilatu beharko diren balizek puntu gehiago edo gutxiago lortzeko aukera emango dute, zailtasunaren arabera. Hartara, hurbilago edo errazago lortu ahal diren balizek puntu bana gehituko dute, eta zailagoak direnek, ostera, bina.
17:00ak aurretik helmugaratu beharko dute. Beranduago sartzen direnek minutu bakoitzeko zigorra edukiko dute.
Denbora ondo kudeatzeaz gain, ondo orientatzen jakitea eta estrategia on bat edukitzea ere ezinbestekoa da: «Raid-a abentura froga bat da, erresistentzia jarduera dibertigarria».