Oroimenaren jostotzara bete
Oroimenak etorkizunean duen garrantziari buruz aritu zen Claudia Giron kolonbiarra joan den eguenean, Gernika Gogoratuzen egoitzan eman zuen konferentzian. Gizarte eredu berria josi behar dela dio.Itxaropena badutela esan du Manuel Cepeda fundazioko ps...
Oroimenak etorkizunean duen garrantziari buruz aritu zen Claudia Giron kolonbiarra joan den eguenean, Gernika Gogoratuzen egoitzan eman zuen konferentzian. Gizarte eredu berria josi behar dela dio.
Itxaropena badutela esan du Manuel Cepeda fundazioko psikologo Claudia Giron kolonbiarrak. Oroimenaren jostotzara izena duen programaren berri eman zuen joan den astean, Gernika-Lumon. Gernika Gogoratuz elkartearen bulegoetan bildu ziren, eta Gernika-Lumora heldutako kolonbiarrak ere izan ziren bertan. «Kolonbian, herrialdeko leku batetik bestera sei miloi lagunek migratu behar izan dute. Eta Kolonbiatik kanpora joan behar izan dutenak zenbat diren ez dakigu zehatz».Derrigortutako migrazioak dira horietako asko, Gironek azaldu duenez: « Politika kontuengatik jazarrita daudenak dira asko, baina arazo ekonomikoek bultzatutakoak ere badira, Kolonbian bertan etorkizunik ez dutelako». Herrialde hartako arazo politikoaren muina da lurra lantzeko eskubidea urratu izana, eta herritarrek jaio diren lekuan modu duin batean bizi ahal izateko eskubidea. Gironek dioenez, eskubide hori da Habanako mahai gainean jarri duten lehen puntua, denentzako aukeren berdintasuna.
Baina azken 50 urteetan Kolonbiako gatazkak biktima ugari utzi ditu, eta gizartea berreraikitzea ez da lan erraza izango.
Biktimak
Bateko zein besteko biktimak daudela onartu du Gironek: estatuak eragindakoak, paramilitarrek eragindakoak, FARCek eragindakoak… «Hala ere, gatazka armatuaren osteko trantsizio bat eman daitekeela uste dut». Dena den, bakerako bidea egiteko legeak behar dituztela azaldu du psikologoak, «berriro halako gauza lazgarririk ez dela gertatuko». Hitzarmenak lortuz, gizartea ehundu daitekeelakoan da- go, eta hori da, hain zuzen, Oroimenaren jostotzara-ren helburua: «Adostasunak behar ditugu, gerraren biktima zuzen eta ez-zuzenak direnek uler dezaten iraganean gertatutakoa salatu beharra dagoela, berdin dio indarkeria nondik datorren».
Eta indarkeria horren adibiderik gordinena eman du Gironek, «positibo faltsuak» deitzen dioten horiek: «Alvaro Uriberen agintaldian eman ziren. Militarrak saritzen zituzten gerrillako kideak hilez gero. Hori dela eta, kaleko jendea hartzen zuten, gerrillakoek erabiltzen zituzten arropekin jantzi eta erail egiten zituzten». Praktika hura normalizatu egin zela azaldu du, eta mota horretako basakeriak argitara atera behar direla uste du.
Babes sarea ehundu
Gertatutakoa, bizi izandakoa… kontatu egin behar dela dio Gironek; horretarako, «elkarrizketak ehundu» behar dituzte. Literatura arloko adituen laguntzagaz, idazleen laguntzagaz… biktimen eta herritarren arteko ariketa psikologikoa abiarazi zuten. Babes sareak eraikitzea zuten helburu, jendeak, alde bateko zein besteko biktimak elkar ulertzeko. «Mina eman dizutela onartzerakoan eraiki dezakezu dolua», dio Gironek. Horregatik, mina egin eta eman dela onartu beharra dagoela uste du. «Gero, denen artean erabaki beharko dugu subjektu historiko legez aukerak nola sortzen ditugun». Eskubideak berreskuratzeko aukerak dira sortu heharrekoak. Eta, horretarako, Kolonbiatik atzerrira joan behar izan duten horiek ere kontuan izan behar dituzte.
Programa hori ezagutzera eman asmoz heldu da Giron Euskal Herrira. Dioenez, bertako elkarteekin beste jostotzara bat giltzatzea litzateke xedea. «Herritarren ekintzak ehuntzea, gizarte kontzienteago bat sortzeko».
Borrokan aritu direnen idealek bizirik darraitelako, horiek praktikara eraman behar direla dio Gironek: «Idealak ez dira pertsonekin hiltzen, eta praktikara eraman ditzakegu bizimodu duin bat izateko eskubidea dugula pentsatzen badugu». Eta, horretarako, memoria behar da.