30. Nazioarteko Musika Asteak sei kontzertu eskainiko ditu, abuztuan
Hainbat agertoki erabiliko dituzte kontzertuetarako: Andra Mari eliza, Bermeoko Kafe Antzokia eta Artza frontoia. Benito Lertxundirena izango da lehenengo kontzertuaAbuztuaren 1etik 7ra, hainbat estiloko sei kontzertu dakartza hogeitamargarren Bermeoko...
Hainbat agertoki erabiliko dituzte kontzertuetarako: Andra Mari eliza, Bermeoko Kafe Antzokia eta Artza frontoia. Benito Lertxundirena izango da lehenengo kontzertua
Abuztuaren 1etik 7ra, hainbat estiloko sei kontzertu dakartza hogeitamargarren Bermeoko Nazioarteko Musika Asteak. Andra Mari eliza, Bermeoko Kafe Antzokia eta Artza frontoia izango ditu agertoki.Aingeru Astui Kultura zinegotziaren esanetan, betidanik herrian izan den musika zaletasuna bultzatu gura dute, eta kalitatezko kontzertuak izango direla azaldu du. Adin guztietako entzulegoari zuzendutako kontzertuak direla aipatu du, gainera, kultura zinegotziak.
Abuztuaren 1ean, zapatuan, Benito Lertxundik zabalduko du Nazioarteko Musika Astea. Artza frontoian izango da, 22:00etan. Lertxundik Oroimenaren oraina azken diskoa aurkezteaz gain, ikusleentzat ezagunak izango diren abestiak ere eskainiko ditu. Sarrerak salgai daude; hala ere, egunean bertan ere eros daitezke, 18 euroren truke.
Edith Piafi omenaldia
Bigarren kontzertua abuztuaren 3an, astelehenean, izango da, Andra Mari elizan, 20:00etan. Lehiaketa ugaritan parte hartu duen Gernika-Lumoko Gaudeamus koralaren abestiez gozatu ahalko da. Jakinarazi dutenez, operak eta antzerki musikalak prestatu dituzte Bermeoko kontzerturako. Gernikako talde horretan, gainera, hamar bat gazte bermeotar dabiltza.
Leku eta ordu berean, baina abuztuaren 4an, Miquel Bofill Sax Quarteten txanda izango da. Bartzelonako (Katalunia) taldea da, eta munduko txoko desberdinetan eman dituzte kontzertuak. Bermeora lau saxofoiekin etorriko dira.
Abuztuaren 5ean, beste alde batetik, eszenatokia aldatuko dute. 20:00etatik aurrera, Bermeoko Kafe Antzokian, Edith Piaf kantaria omenduko dute bere jaiotzaren mendeurrrenean. Horretarako, Edith Piaf hirukoteak Erase una voz. Edith Piaf: cien años de leyenda ikuskizun berezia aurkeztuko du Bermeon.
Edith Piaf abeslariaren errepertorioa frantsesez eskainiko dute; hala eta guztiz ere, bere bizitzaren pasarteak euskaraz kontatuko dituzte. Ikuskizuna argazkiekin eta proiekzioekin lagunduta egingo dute. 5 euro balio ditu sarrerak, eta horiek ere salgai daude.
Abuztuaren 6ko kontzertua ere Kafe Antzokian izango da, 20:00etan. Parisen sortutako Duo Cataliciak hartuko du egun horretan agertokia. Angel Alvarez Safont eta Ana Perez Ventura piano-jotzaileek Viaje a cuatro manos, España-Buenos Aires-Nueva York programa eskainiko dute lau eskutara. 5 euroko sarrera ordaindu beharko da kontzertu horretarako.
Bilbao Orkestra Sinfonikoa izango da aurten, berriz, 30. Nazioarteko Musika Astea zarratzeaz arduratuko dena. 45 musikari inguru bertaratuko dira, eta Txaber Fernandezen zuzendaritzapean joko dute. Vanessa Goikoetxea sopranoak ere parte hartuko du kontzertuan. Abuztuaren 7an, barikuan, izango da azken kontzertua, Andra Mari elizan, 20:00etan.