Urdaibai nagusitu da Bizkaiko traineru txapelketan
Urdaibai, Kaiku, Zierbena eta Isuntza sailkatu dira Euskadiko Traineru txapelketarako. Bizkaiko txapelketa bezala, Lekeition egingo dute, eguazteneanHerenegun arratsaldean, Urdaibaik irabazi zuen Bizkaiko traineru txapelketa, Lekeition. Eta eguaztenean...
Urdaibai, Kaiku, Zierbena eta Isuntza sailkatu dira Euskadiko Traineru txapelketarako. Bizkaiko txapelketa bezala, Lekeition egingo dute, eguaztenean
Herenegun arratsaldean, Urdaibaik irabazi zuen Bizkaiko traineru txapelketa, Lekeition. Eta eguaztenean leku berean jokatuko duten Euskadiko traineru txapelketarako sailkapena lortu zuen. Urdaibaigaz batera, Kaiku, Zierbena eta Isuntza sailkatu dira.Bizkaiko hamabi arraun taldek hartu zuten parte, eta iaz moduan, bermeotarrek egin zuten denborarik onena: 20 minutu, 6 segundo eta 25 ehunen.
Kaiku izan zen bigarrena; Urdaibaigarengandik 7 segundo eta 85 ehunenera amaitu zuten estropada. Zierbena hirugarrenak, berriz, irabazleak baino 35 segundo eta 35 ehunen gehiago behar izan zituen lehia amaitzeko. Hain zuzen ere, lehenengo hirurek eta Portugaletek osatu zuten hirugarren txanda. Portugaletek bosgarren egin zuen estropadako sailkapenean, 20 minutu, 57 segundo eta 69 ehuneneko denboragaz.
Bestalde, Isuntza izan zen laugarrena atzo. Etxeko taldea bigarren txandan atera zen Ondarroa, Deusto eta Itsasoko Amagaz batera. 20 minutu, 49 segundo eta 81 ehuneneko denboragaz txandako azkarrena izan zen. Ondarroak, berriz, 20 minutu, 59 segundo eta 46 ehuneneko denbora egin zuen.
Lehenengo txanda, ostera, Mundakak, Arkotek, Getxok eta Lutxanak osatu zuten. Lauretan azkarrena Arkote izan zen, 21 minutu, 57 segundo eta 30 ehuneneko denboragaz. Lutxana izan zen txandako bigarrena, eta Mundaka hirugarrena. Mundakarrek (estropadako sailkapenean hamaikagarrenak) 22 minutu, 15 segundo eta 4 ehuneneko denboran amaitu zuten lehia, irabazlearengandik 2 minutu, 8 segundo eta 79 ehunenera.
Bestalde, asteburuan norbere ligaren lehiagaz segituko dute Bizkaiko arraun taldeek. Urdaibairi dagokionez, bihar arratsaldean Orion dauka hitzordua, 17:30etatik aurrera. Biharamun eguerdian, berriz, Portugaleten dute TKE ligaren zazpigarren jardunaldiko estropada.
KAE 1ean, berriz, bihar arratsaldean Kantabrian (Espainia) lehiatuko dute Marina de Cudeyo bandera, 18:00etan hasita. Lehenengo txandan, Elantxobe, Orio, Santurtzi eta Pedreña irtengo dira. Bigarrena Lekittarrak, Zarautzek, Donostiarrak eta Santoñak osatuko dute. Eta, sailkapeneko lehenengo laurak aterako dira azkenengo txandan: Getaria, Ondarroa, Zumaia eta Deusto.
Etzi arratsaldean, ostera, Orion elkartuko dira KAE 1eko arraun taldeak. 18:30etik aurrera lehiatuko dute Bixigu Eguna ikurrina. Bi txanda egongo direnez, txanda bakoitza sei ontzik osatuko dute.
Bestalde, KAE 2ko klubei dagokienez, bihar, 16:30ean hasita, Plentziako uretan lehiatuko dute denboraldiko laugarren estropada.
Lehenengo txandan sei talde egongo dira lehian: Bermeo, Iberia, Colindres, Donostiarra, Zumaia eta Oiartzungo Itsaslapurra. Bigarren txanda Mundakak, Arkotek, Getxok eta Lutxanak osatuko dute, eta hirugarren txandan aterako dira Hibaika, Hondarribia, Sanpedrotarra eta Castro.
Etzi eguerdian, azkenik, Errenteria Hiria ikurrina egongo da jokoan Pasaiko badian. Estropada 12:30ean hasiko da, eta zazpi arraun taldez osaturiko bi txandetan banatuta irtengo dira.