KAE 1ean, Ondarroak bigarren amaitu du Donostiako estropada
Zapatuan Donostian lehiatu zuten KAE 1eko denboraldiko bosgarren jardunaldian Ondarroak bigarren egin zuen, Getariaren atzetik.Hain zuzen ere, ohorezko txandatik irtenda, 20 minutu, 41 segundo eta 44 ehuneneko denboran burutu zuen estropada Getariak. T...
Hain zuzen ere, ohorezko txandatik irtenda, 20 minutu, 41 segundo eta 44 ehuneneko denboran burutu zuen estropada Getariak. Txanda berean zegoen Ondarroak, berriz, bost segundo gehiago behar izan zituen estropada amaitzeko; 20 minutu, 46 segundo eta 43 ehuneneko denbora egin zuten ondarrutarrek.
Getaria, Ondarroa eta Zumaiagaz batera osatu zuen ohorezko txanda Isuntza arraun taldeak. Txandako hirugarrena izan zen Lekittarra, 20 minutu, 59 segundo eta 45 ehuneneko denboragaz, eta estropadaren sailkapenean bosgarren egin zuen.
Halaber, estropadako hirugarrena Deusto izan zen, eta Donostiarrak egin zuen laugarren etxean. Biak bigarren txandan irten ziren, Zarautz eta Pedreñagaz batera, eta ehunen batzuen aldea baino ez zen egon bizkaitarren eta gipuzkoarren artean. Hain zuzen ere, Deustok 20 minutu, 55 segundo eta 51 ehuneneko denbora egin zuen, eta Donostiarrak, berriz, 20 minutu, 55 segundo eta 83 ehunenekoa.
Bestetik, lehenengo txanda Elantxobek, Santurtzik, Oriok eta Santoñak osatu zuten. Orio izan zen lauretan azkarrena, 21 minutu, 14 segundo eta 8 ehuneneko denboragaz. Santurtziren atzetik, Elantxobek honako denbora egin zuen: 22 minutu, 10 segundo eta 2 ehunen. Lehen txandako eta estropadako sailkapeneko azkena, ostera, Santoña izan zen, 23 minutu, 13 segundo eta 7 ehuneneko denboragaz.
Getaria lider sendoa
Getariak lidertzari eusten dio 56 puntugaz, eta Ondarroa da bigarrena, 49 puntugaz. Zumaia, 47 puntugaz hirugarrena da, eta laugarren eta bosgarren postuetan, 43 puntugaz berdinduta daude Deusto eta Lekittarra. Bestalde, Elantxobe 11 puntu eskuratuta hamaikagarrena da. Orio du aurretik 18 puntugaz, eta azkena Santoña da, 5 puntugaz.