Santa Katalinan egin dute gaur agerraldia
Musika, gastronomia eta natura uztartuko ditu uztailaren 30etik abuztuaren 1era Mundakan egingo den
Mundaka Festival: The Basque Music & Cook Festival-ak. Iluntzean, Santa Katalina izango da jaialdiaren gune nagusia; egunez, baina, Talak hartuko du jaialdiaren alde gastronomikoa. Jaialdia Mundakan eginda, gainera, nazioartean ezaguna den Mundakako ezker olatua ere protagonista izango da. Umeentzako zein nagusientzako surf eta arraun surf tailerrak eta zeharkaldiak antolatu dituzte.
Santa Katalinan bertan aurkeztu du gaur Emankor Sareak jaialdiaren lehenengo edizioaren surf eta gastronomia programak. Besteren artean, Mundaka Surf Taldeko Nora Cucurull, Remenetxe jatetxeko Jon Andoni Rementeria, Dalata.net-eko Ekaitz Goienetxea eta Cactus eta Sinnerdolls musika taldeetako ordezkariek ere parte hartu zuten atzoko agerraldian.
Gastronomia programa Mundakako Udalagaz eta Urremendigaz batera garatu dutela azaldu dute antolatzaileek. Barikuan eta zapatuan hainbat jarduera egongo dira Talan, 11:00etan hasi eta 14:30ak ingurura arte. Bertoko ekoizleei eta produktuei bultzada eman asmoz, Urdaibaiko produktuen azoka eta dastatzeak izango dira bi egunetan. Barikuan, euskal okela, Gernikako piperrak eta Urdaibaiko upelategietako Bizkaiko txakolina dastatu ahalko dituzte bertaratutakoek. Zapatuan, berriz, Eusko Labeleko hegaluzez egindako pintxoak eta Bizkaiko txakolina egongo dira dastagai.
Horrez gain, showcooking desberdinak eta arrain kontserba dastatzeak ere izango dira, besteren artean. Umeentzako gunea ere ez da faltako. Barikuan talo tailerrrean parte hartu ahalko dute, eta zapatuan, aldiz, Idiazabal gaztaren inguruko tailerrean, biak 11:00etatik aurrera.
Surfari dagokionez, barikuan, 8 eta 17 urte bitartekoek Ariane Ochoa surflariarekin Clinic Surf-ean parte hartu ahalko dute, goizean. Arratsaldean, 17:00etatik 19:00etara, arraun surfean ariko dira Laidatxu hondartzan. Zapatuan kostaldea gabituko dute goizean, eta arratsaldean, arraun surfean berriro, zeharkaldia egingo dute.
4.00 lagun Santa Katalinan
Santa Katalina bi gunetan banatuko dutela adierazi dute. Agertoki nagusia itsasora begira egongo da, «musikariek ikuspegi ezin hobea izango dute», diote. Anti Flag, Loquillo, Echo & the Bunnymen, The Sonics, We Are Standards, Belako, Sinnerdolls eta Cactus taldeek parte hartuko dute, batzuk aipatzekotan. Surfing gunea izango da bigarrena, musikaz ere gozatu ahalko da, baina modu «lasaiago» batean, diotenez. Kontzertuen gunean ere, cooking gunea aurkitu ahalko dute bertaratutakoek, «bertoko jatekoekin horretan ere».
Gaueko jaialdiaz, 4.000 lagunek soilik disfrutatu ahalko dutela gogorarazi dute antolatzaileek: «asmoa jendea eroso egotea baita, pilatuta egon barik». Segurtasun plan sakona prestatu dutela jakinarazi dute, «araudiak eskatzen duena baino zorrotzagoa izango da».
Ingurumena zaindu gura duen jaialdia da Mundaka Festival, horregatik, azaldu dutenez, Euskotren izango da garraiobide ofiziala. Gauez, Bermeo eta Bilbo artean zerbitzu berezia izango dela jakinarazi dute. Hori dela eta, «erosoagoa» ibiltzeko, trena hartzeko gomendio egin dute.