
Argazkilaria: TKE Liga.
Atzo eguerdian, Donostian, Orioren atzetik amaitu zuen estropada, 7 segundu eta 50 ehuneneko aldeagaz. Hain zuzen ere, atzo ohorezko txandan irten ziren lau ontziak geratu ziren estropada sailkapeneko lehenengo lau postuetan.
Oriok nagusitasunez lortu zuen Eusko Label banderaren garaipena itsaso zabalean. 20 minutu, 13 segundo eta 66 ehunenean amaitu zuen lehia. Hondarribia izan zen hirugarrena, Oriorengandik 8 segundo eta 34 ehunenera. Tiran laugarrenak, berriz, 20 minutu, 31 segundo eta 96 ehunen behar izan zituen estropada amaitzeko.
Halaber, hiru ziabogetatik bitan oriotarrak izan ziren azkarrenak. Hain zuzen ere, lehenengo ziabogan 4 minutu, eta 55 segundora sartu zen. Bigarrenean, hondarribitarrak nagusitu ziren, 10 minutuko denboragaz, eta handik bi segundura sartu ziren oriotarrak. Azken ziabogan, ostera, 15 minutu eta 15 segundotan sartu zen Orio, eta haren atzetik alde estuagaz sartu ziren Hondarribia eta Urdaibai, hurrenez hurren. Hondarribia, 15 minutu eta 19 segundora, eta Urdaibai 15 minutu, eta 20 segundora.
Bestalde, bigarren txanda osatu zuten Cabo, San Juan, Kaiku eta San Pedro sailkatu ziren Donostiako estropadan lehenengo lauren atzetik.
Pasai San Pedron Hondarribia garaile
Herenegun arratsaldean Pasai San Pedroko ur lasaietan jokatu zuten TKE ligako laugarren jardunaldia, eta Hondarribiak eskuratu zuen La Caixa bandera. Orduan ere, alde txikia egon zen Ama Guadalupekoa eta Bou Bizkaia ontzien artean.
2 segundo eta 4 ehuneneko aldea baino ez zen egon bier artean. Eremuko errekorra eginez, Hondarribiak 19 minutu, 28 segundo eta 78 ehuneneko denboran amaitu zuen estropada. Urdaibaik ere errekorra hobetu zuen, 19 minutu, 30 segundo eta 82 ehuneneko denboragaz.
Oriok egin zuen hirugarren denborarik onena: 19 minutu, 38 segundo eta 36 ehunen. Hain zuzen ere, bigarren txandako azkarrenak izan ziren oriotarrak. Txanda horretan, San Juan sailkatu zen Orioren atzetik, eta San Pedrok eta Astillerok egin zuten hirugarren eta laugarren, hurrenez hurren.
Hondarribiak lidertzari eusten dio
Hala, asteburuan denboraldiko laugarren eta bosgarren jardunaldiak jokatu ostean, 57 puntugaz Hondarribiak jarraitzen du lider. Urdaibai bigarrena da sailkapenean, 49 puntugaz.
Hirugarren eta bosgarren postuen artean alde estua dago. 43 puntu ditu Orio hirugarrenak, Tiran laugarrena da 42 puntugaz, eta Cabo bosgarrenak, berriz, 41 puntu lortu ditu orain arte.

Argazkilaria: TKE Liga.