
Umeak jolasean Mañuko Karmen jaietan
Karmen Egunean bertan hasi eta domekara bitartean, egitarau zabala prestatu dute Bermeoko Mañu auzoan, Karmen jaiak ospatzeko.
Eguenean, 10:30etan hasiera emango diete jaiei, txupinagaz. Egunean zehar mezak izango dira, gainera: 11:00etan, 12:00etan eta 19:00etan.
13:00etatik aurrera, bestalde, bertaratzen diren umeek jolasekin ondo pasatzeko aukera izango dute. Arratsaldean, bestalde, herri kirolak hartuko dute protagonismoa, eta gauean, 21.30etatik aurrera ohiko zaldi proben lehenengo saioa egingo dute. Egun osoan, trikitilariek alaituko dute giroa Mañun.
Barikuan, hilaren 17an, auzoko hilen aldeko meza entzungo dute 11:00etan. 20:00etan, aldiz, trikitrixaren doinuagaz girotuta, bakailao jana egingo dute, eta ondoren, zaldi proben bigarren saioaren txanda izango da, 21:30etan.
Zapatuan, sukalki eguna izango da. Parte hartu gura dutenek 11:00etan eman beharko dute izena, eta 13:00etan prest eduki beharko dituzte kazolak. Sari banaketa ekitaldia, arratsaldean egingo dute, 18:30etan. Bazkaldu osterako, baina, plana ere badute; 16:00etarako mus txapelketa antolatu baitute. 19:30etan, Alkartasuna Dantza Taldearekin euskal dantzak ikasteko aukera izango dute bertaratutakoek, eta 21:00etan, zaldi probekin amaituko dute eguna. Umeak ere, gaztelu puzgarrian jolasean ibili ahalko dira egun osoan.
Domeka izango dute Mañuko auzotarrek Karmen jaietako azken eguna. 21:30etako zaldi proben ostean egingo duten zozketarekin amaituko dituzte aurtengo jaiak.