Hilaren 27an ekingo dio denboraldi-aurreari, eta dagoeneko jokalari batzuen kontratu-berritzeak jakinarazi ditu. Halaber, lau jokalariren fitxaketen berri eman du klubak.
Diego Simonek, Josu Altamirak, Ander Frankok eta Endika Bordasek talde gernikarrean jokatuko dute 2015-2016 denboraldian. Simonek eta Santamariak ondo ezagutzen dute kluba, aurretik bertan jokatu baitute.
Simon Leioa taldetik dator eta, beraz, 2.B mailan esperientzia du. Santamaria aurrelariak, berriz, Bermeon jokatu zuen aurreko denboraldian. Bordas Amorebieta taldetik dator, eta Franko aurrelariak 17 gol sartu zituen aurreko denboraldian Lagun Onak-ekin.
Orain arte moduan, Victor Gonzalezek izango du kirol zuzendaritzaren ardura. Azaldu duenez, aurreko denboraldiko ia jokalari guztiek berritu dute kontratua: “Hamahiru jokalarik berritu dute, esan liteke aurreko denboraldiko %75a dela taldea”. Berritu dutenen artean dago Carbonel; lotailuetako ebakuntzatik errekuperatzen ari da, eta urtarrilerako prest egotea espero du kirol zuzendariak.
Egongo ez direnak
Bestalde, arrazoi desberdinengatik, aurreko denboraldiko zazpi jokalarik kluba utzi dute. Iñaki Zarandonak lana eta taldea uztartu ezin dituelako hartu du erabakia, eta Pedro Altamira Bartzelonara (Herrialde Katalanak) doa ikastera. Hala, Gonzalezek uste du bere kirol ibilbidea garatzen lagunduko dion talderen bat topatuko duela Bartzelonan.
Obietak eta Zarrabeitiak, berriz, datorren denboraldian Zamudion jokatzea erabaki dute. Gonzalezek zehaztu duenez, klubak kontratua berritzea eskaini die biei, baina, gurago izan dute Zamudiora joan: “Uste dut minutu gehiago jokatzeko asmoagaz joan direla, eta minutu gehiago jokatu eta jarraitutasun horregaz baliteke Gernikara itzultzea”. Halaber, Zenigaonaindiak, Arrizabalagak eta Vilak ere ez dute taldean jarraitzen, “arrazoi teknikoengatik”.
Hala ere, oraindik taldea ez dago itxita. Athletic-egaz negoziaketak egiten dabiltza, jokalariren bat Gernikara utzita etortzeko, eta era berean, azken orduko fitxaketaren bat egitea ere ez du baztertzen kirol zuzendariak: “Gure aurrekontu umilagaz zein aukera ditugun ikusiko dugu, eta ea azken orduan fitxaketak merketzen diren. Baliteke pare bat fitxaketa egitea, eta ea Athleticekin akordio batera heltzen garen”.
Bestalde, urtero moduan, denboraldi-aurrea lehen taldeagaz egingo dute harrobiko zenbait jokalarik. Hain zuzen ere, hilaren 27tik aurrera Jon Ugaldek, Iker Amorrortuk, Ager Aspiazuk eta Asier Jaiok entrenatuko dute lehen taldekoekin.