Triatloiaren inguruan egindako probak parte hartzaileak izan dira
Asteburuan Ondarroan zein Markina-Xemeinen egin diren Gaztetxoen Akuatloia, Herri Triatloia eta Triatloia Txikia oso parte hartzaileak izan dira.Ondarroan, 4-13 urte bitarteko 40 gaztetxo batu zituen Akuatloiak. Giro onean egin zela azpimarratu dute Ko...
Ondarroan, 4-13 urte bitarteko 40 gaztetxo batu zituen Akuatloiak. Giro onean egin zela azpimarratu dute Koaxi S Concept triatloi taldeko kideek, eta gaztetxoez gain, gurasoren bat edo beste ere animatu zen probatzera. «Horiek gurasoen akuatloia probatzeko aukera izan zuten».
XI. Triatloi Herrikoian, ostera, triatloia antolatzen laguntzen duten boluntarioei omenaldia egin zieten. 80 lagun batu ziren, eta bakoitzak bere erritmoan egin zuen 400 metro igeri, 13 kilometro bizikletan eta 3 kilometro aringa-aringa. Arrigorri hondartzatik hasita Itsasaurre Plaza pareraino egin zuten igerian. Ostean, Itsasgaineraino joan-etorria egin zuten. Azkenik, Itsasaurretik Kamiñazpira joan-etorria egin zuten, aringa-aringa.
Parte hartzaileen artean giro ederra eta lagunartekoa nabaria izan zela azpimarratu dute Koaxikoek. Txorixo pintxoak jan eta freskagarriak edateko aukera izan zuten amaieran.
80 triatleta gazte
Herenegun, aldiz, 80 parte hartzaile batu zituen Markina-Xemeingo VII. Triatloi txikiak. Igerian, korrika eta bizikletan ibili ziren 7tik 16 urtera arteko triatletak kiroldegi inguruan. Eguraldia lagun, «gustura» ibili ziren.
Adinaren arabera banatu zituzten parte hartzaileak Alarabi Triatloi Taldekoek, bederatzi txandatan. Kiroldegi barruko igerilekuan egin zuten igerian, eta, ondoren, kanpoko zelaian bizikletak hartuta buelta eman zuten inguruetan. Korrikan egin zuten probaren azken txanpa.