
Bermeoko Jose Done ikastetxeko skate pistak aurpegi berria du. Hain zuzen ere, Skateruek kirol taldeko kideek egin dituzte konponketa lanak, auzolanean.
Auzolan horiek martxan jartzeko, hitzarmena sinatu zuten Skateruek kirol taldeak eta Bermeoko Udalak. Hala, udalak skate pista konpontzeko materiala jarri du, eta skateruek taldekoek, berriz, pista konpondu dute.
Aste bi eta erdi inguru behar izan dituzte lanak egiteko, «egunean hainbat ordu lan eginda», diote. Saihesbideko lanak direla eta zikin zegoen skate pista eta irristatu egiten zuela diote. Garbitu ostean, hortaz, skate pistako arrakalak bete eta konpondu dituzte. Ondoren, margo berezia erabilita skate pista margotu dute.
Bermeoko Udalak argiak eta ura jarri ditu eta biltegi txiki bat ere egokitu du Skateruek kirol taldeak lanerako materiala gorde ahal izateko. Era berean, lehen laguntzako botikin bat ere jarri du horien erabilerarako.
Hala ere, oraindik ez dituzte egokitze lan guztiak amaitu. Izan ere, «abiadura hartzeko» betoizko arrapala bat egingo dute, «handik jaitsi eta pistako gune desberdinetara joatea ahalbidetuko duena».
Juan Karlos Agirre Gazteria zinegotziak azaldu duenez, «Skateruek kirol taldearen lana oso ona izan da eta emaitza begi bistan dago. Udaletik talde honekin elkarlanean jarraitu gura dugu honelako ekimen positiboekin jarraitzeko». Agirrek jakinarazi duenez, Skateruek kirol taldearekin beste hitzarmen bat sinatzea aurreikusten du udalak, pistaren erabileraren kudeaketarako.
Bestalde, neguan askotan skate pista erabili ezin dutenez, aurrerantzean modulu batzuen bitartez, antzinako ikastetxe horretako frontoian skatean ibili ahalko dutela zehaztu dute. Era berean, Skateruek taldekoek urteetan erabili barik dagoen ikastetxe horretako igerilekua kendu, eta skate pista estali batean bihurtzeko eskaera egin diote udalari. Bermeo «skatean erreferente» bihurtuko litzatekeela uste dute.
10. urteurrena
Antzinako Jose Done ikastetxeko skate pistak hamaika urte baditu, Skateruek taldeak 10 urte betetzen ditu aurton. Urteurrena ospatu beharra dagoela eta, jai egun bat antolatzeko asmoa dutela iragarri dute. Data zehaztu barik badute ere, irailean izan daitekeela azaldu dute, Andra Mari eta Santa Eufemia jaien ostean, «jende gehiago erakarri asmoz, udan jai asko daudelako».