
Bermeoko Udaleko Ingurumen Sailak eta Lurgaia Fundazioak antolatutako boluntario jardunaldian 40 pertsonatik gora parte hartu dute. Adin guztietako boluntarioak parte hartu zuten zapatuan garbiketa lanak egiten. Antolatzaileek jardunaldia “arrakastatsua” izan dela azaldu dute.
Itsasbehera aprobetxatuta jaitsi zen taldea Gaztelugatxeko San Juanera. Akatxe eta Gaztelugatxe bitarteko badian egin zituzten garbiketak eta hondakin kopuru handia batu zutela diote. Bermeoko Udaleko Ingurumen Sailetik azaldu dutenez, “batutako hondakin gehienak itsasoko jardueraren ondorioz sortutakoak izan dira: arrain kaxak, sare zatiak, sokak, buiak… Hala ere, beste era bateko hondakinak ere batu dira, esaterako, ontziak edo botilak”.

Lekuaren zailtasuna kontuan izanda, boluntarioek egindako lana “izugarri baliotsua” izan dela aipatu dute, horregatik, boluntarioen lana eskertu gura dute.
Boluntario jardunaldia egiten duten bigarren urtea da. Hondakin asko biltzen direla ikusita, urtero jardunaldi bat antolatzeko asmoa iragarri dute.