Uztailean ere enplegu jardunaldiak egingo ditu Behargintzak
Langabetuei lana bilatzeko prozesuan, laguntza eta aholkularitza eskaintzeko helburuagaz, uztailean ere enplegu jardunaldiak antolatu ditu Bermeoaldeko Behargintzak.
Bi eguneko jardunaldiak izango dira, uztailaren 9an eta 23an, hain zuzen ere, eta Behargintzaren bulegoetan izango dira (udal merkatu plazan). Saio bietan 10:00etatik 13:00etara batuko dira. Aste honetako saioan, curriculum espress-a eta posta elektronikoa landuko dituzte. Uztailaren 23an, berriz, aldi baterako enpresen inguruan arituko dira.
Behargintzatik gogorarazi dutenez, «egungo krisiaren ondorioz, egoera ezberdinak bizi dituzten langabetuak daude eta askok zailtasunak izaten dituzte lana bilatzerakoan eta laguntza behar izaten dute». Hori dela eta, antolatzen dituzte enplegu jardunaldiak, «lan bilketa aktiboan interesa duen edozein pertsonari zuzendutakoak». Horietan laneratze gaitasunak eta teknikak landuko dituzte. Parte hartu gura dutenek Behargintzako bulegoetara jo beharko dute.