eroriko gehienak tarte honetan gertatzen direla diote
Bermeoko Herri Babesako kideek Gaztelugatxeko San Juanerako sarbideek gaur egun bizi duten «utzikeria» salatu gura izan dute. Bidearen egoera «kaskarraren» ondorioz, gainera, hainbat istripu gertatzen ari direla azaldu dute, «bidearen zenbait tartetan harriak solte daude eta bisitariak irristatu egiten dira». Bi bide daude Gaztelugatxeko San Juanera iristeko eta biak asfaltatu barik daudela nabarmentzen dute.
Gaztelugatxe bisitatu guran, pelbisak eta peroneak haustu dituztenak daudela dio Herri Babesako koordinatzaile Jon Ojangurenek, eta zaintiratuak eta zauritutakoak asko eta asko izaten direla nabarmendu du, «eta beste asko ez dakigunak, guk SOS Deiakoen abisuak ditugunean soilik mugitzen baikara gunera». Era berean, anbulantziak goiko aldean geratzen direla nabarmentzen dute, beraz, «Herri Babesako kideak dira zaurituak hartu, eta gora, anbulantziara behar den kasuetan, edota osasun etxera eroaten dituztenak».
Sentimenduak ukitu guran
Bermeoko Herri Babesakoek argi utzi gura izan dute ez dela inoren aurkako salaketa. Prentsaurrekoa «arazoari irtenbideak bilatzeko asmoz» deitu dutela azaldu dute, «ea posible dugun norbaiten sentimenduetara iristea».
Mirari Naturala izendatu zuten iaz Gaztelugatxeko San Juan eta Euskal Herriko leku bisitatuenen artean dago. Urtean, 120.000 bisitari baino gehiago hartzen ditu. Horregatik, Herri Babesakoek ez dute ulertzen «utzikeria». Hala, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen diote Gaztelugatxeko San Juanerako sarbideak asfaltatzeko eta konpontzeko: «Urteetako arazoa da hau, eta adabakiak baino ez dituzte jartzen».
harri-lubeta eraikitzea gomendatzen duten gunea
Bestalde, inguru horretan gerta daitezkeen lurjauzietaz ere ohartarazi gura izan dute. Horien arabera, beharrezkoa litzateke beheko aldean harri-lubeta bat eraikitzea, «itsasoak, bestela, lurra eroaten jarraituko du». Gainera, antzinako iturburuetatik datorren ura aurkitu beharra dagoela uste dute, «lurra bustitzen ari da eta horren eraginez ere lurjauziak gerta daitezke». Lehen hodi batzuk itsasoratzen zuten iturburuetako ura, horiek baina egun moztuta ikus daitezke, «eta urak bere bidea jarraitzen du».