Unai Rementeria ahaldun nagusiak harrera egin die goizean Bigarren B mailara igo diren Gernika, Portugalete eta Getxoko Arenas taldeetako presidenteei. Era berean, Bigarren mailara igo den Bilbao Athleticeko kapitainak ere hartu ditu Bizkaiko Foru Aldundiko jauregian.
Horiekaz batera, Mikel Urrutikoetxea pilotaria ere zoriondu du ahaldun nagusiak, domekan irabazi baitzuen eskuz banakako txapela. Hain zuzen ere, azken 38 urteotan txapelketa irabazi duen lehen bizkaitarra da.
Bestalde, Pablo Berasaluze pilotaria, Athleticeko presidenteorde Jose Angel Corres eta Jose Angel Iribar ere harrera ekitaldian egon dira.
Rementeriak ahaldun nagusi moduan egin duen lehen ekitaldia izan da, eta esan duenez, guzti horiek Bizkaiko kirolaren “arrakastaren” adierazgarri dira. Kirolariak eta kirol taldeak zoriontzeaz gain, haien balioak eskertu ditu: “Ahalegina, ilusioa, talde lana, irmotasuna eta laguntasuna. Horiek badira ospatzeko balioak”.