Domekan, 400 partaidek egingo dute martxa luzea, laburrean, berriz, 100 lagunek eman dute izena. Parte hartzaile guztiek jasoko dituzte martxa amaieran kamiseta eta opari bana.
07:00etatik 08:00etara banatuko dituzte dortsalak, eta partaide guztiek aurkeztu beharko dute ordain-frogagiria.
Elantxobeko portutik irtenda, 20 kilometroko ibilbidea egingo dute martxa luzekoek. Ibilbide laburrera doazenek, ostera, zortzi kilometro egingo dituzte. Martxak, 1.020 metroko desnibela izango du.
08:30ean irtengo dira ibilbide luzekoak, eta 10:00etan dute hitzordua zortzi kilometroko martxako partaideek.
Elantxobeko eta Ibarrangeluko auzoetatik egingo dute ibilaldia. Bidean, lau anoa postu izango dituzte indarberritzeko. Ogoñon eta Ibarrangelun likido hornidura postuak egongo dira, eta Akordan, eta Elantxobeko portuko helmugan solido eta likido hornidurak izango dituzte. Gainera, martxa amaieran parrilada egingo dute.
Bestalde, helmugara heltzean dutxatzeko aukera izango dute parte hartzaileek.