Gernikako udal erakundeek zerbitzuetarako ordutegi berezia izango dute udan
Aurreko urteetan legez, aurten ere, zerbitzuetarako ordutegi berezia izango dute Gernika-Lumoko udal erakundeek uda sasoian.
Hain zuzen, herriko kultur etxeari, udal liburutegiari, Turismo Bulegoari, Gazteen Informazio bulegoari eta udaletxeari berari eragingo dio ordutegi aldaketa horrek.
Hala, Gernika-Lumoko Udalak jakitera eman duenez, udaletxean eta Gazteen Informazio bulegoan 09:00etatik 14:00etara eskainiko dute arreta, irailaren 18ra bitartean.
Kultur etxeak ere ordutegi bera izango du; hala ere, aldaketa uztailaren 13an egingo dute.
Udako ordutegia mantendu
Udal liburutegiak zein Turismo Bulegoak, bestalde, udako ordutegia mantenduko dute. Horrenbestez, Turismo Bulegoa bisitatu nahi duenak astelehenetik zapatura 10:00etatik 18:00etara izango du horretarako aukera, eta 10:00etatik 16:00etara, berriz, domeketan.
Liburutegira, ostera, goizean joan ahalko izango dute herritarrek, astelehenetik barikura bitartean; alegia, 09:00etatik 14:00etara. Martitzenean jarri zuen martxan liburutegiak udako ordutegia, eta abuztuaren 31 arte mantenduko du. Gogoratu duenez, Gernika-Lumoko Andra Mari eta San Roke jaietan itxita egongo da.