
Iaz zenbait boluntario garbiketa lanak egiten
Bermeoko Udalak eta Lurgaia Fundazioak antolatuta, Gaztelugatxeko kostaldea hondakinez garbitzeko boluntario jardunaldia antolatu dute zapaturako.
Jardueraren helburua honakoa dela diote Bermeoko Udaletik: kala horretara itsasoak ekarritako hondakin guztiak kentzea; botilak, kutxak, plastikoak, sareak eta sokak, besteren artean. Bestalde, ekimen horrekin euskal kostaldean hain berezia den Gaztelugatxeren ingurumen-balioa eta bere paisaiaren balioa zaintzen eta mantentzen lagundu gura da.
Zapaturako antolatu duten boluntario jardunaldian edozein lagunek parte har dezake, parte hartzaileek, baina, kontutan eduki behar dute kala harritsua dela.
09:30ean Eneperin
Garbiketa lenetan parte hartu gura duten horiek Eneperi jatetxearen aparkalekuan egon beharko dute zapatuan, 09:30etan. Azaldu dutenez, itsasbehera aprobetxatuta egingo dituzte garbiketa lanak. Lehendabizi, antolatzaileek itsasoaren kutsadurari buruzko zenbait azalpen emango dizkiete boluntarioei. Ondoren, garbitu beharreko lekura oinez jaitsiko dira, eskularruak eta poltsak banatuko dituzte eta taldeetan antolatuta hasiko dira lanean boluntarioak.
Kalaren zailtasuna kontuan izanda, zakuetan jasotzen dituzten hondakinak eskuz esku osatutako giza kate baten bitartez aterako dituzte amaieran, haitzetatik errepidera. Ondoren, hondakinen edukiontzi batera eroango dituztela jakinarazi dute eta Bermeoko Udala arduratuko da horiek hondakin geldoen zabortegira eroateaz.
Garbiketa lanetan parte hartzen duten guztiei banatuko zaie ura eta jana.
Arropa eta oinetako erosoak eroatea gomendatzen dute antolatzaileek, hau da, labaintzen ez dutenak eta busti daitezkeenak. Ordezko arropa, txanoa, eguzkitako gafak, krema eta edateko likidoa eroatea komeni dela azaldu dute.
Parte hartu gura duten horiek ezinbestekoa izango dute aurretiaz izena ematea, eta horretako azken eguna uztailaren 3a, barikua, izango da.
Info@lurgaia.org-era idatzita eman beharko da izena. Antolatzaileek materiala, garraioa eta derrigorrezko asegurua antolatu ahal izateko derrigorrezkoa da izena ematea. Izen-abizenak, adina eta harremanetarako telefono bat utzi beharko dute boluntarioek, eta apuntatu ostean, konfirmazio erantzuna jasoko dutela diote.