Markina-Xemein Esku Pilota taldeak jantzi du Bizkaiko Herriarteko txapela
Hiru kategoriatan «garaipen ederrak» lortu dituzte Markina-Xemeingo pilotariek. Txapela irabazita, Euskal Herriko txapelketan parte hartzeko aukera edukiko duteLemoari 3 eta 0 irabazita, Bizkaiko Herriarteko txapelduna da Markina-Xemeingo Esku Pilota...
Hiru kategoriatan «garaipen ederrak» lortu dituzte Markina-Xemeingo pilotariek. Txapela irabazita, Euskal Herriko txapelketan parte hartzeko aukera edukiko dute
Lemoari 3 eta 0 irabazita, Bizkaiko Herriarteko txapelduna da Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldea. Kadeteen mailan Lemoa nagusituko zela uste bazen ere, partida bikaina jokatu zuten Agirreamalloak eta Ibarlozak, eta garaipena bere egin zuten tanto dotore bategaz.Hasieratik aurrean jarri ziren Markina-Xemeingo pilotariak, eta 20 eta 13ko aldea ere atera zuten. Baina Lemoako pilotariak ez zeuden partida bertan behera uzteko prest, eta amaierara arte borrokatu zuten 21 berdintzera ailegatzera arte. Hala ere, atzelariak ia-ia bosgarren koadrotik dejadaz egindako sakeak eman zien garaipena Markina-Xemeingoei.
Gazteak, ostera, erraz ibili ziren. Partida oso ona jokatu zuten Urizarrek eta Arrizabalagak, eta 22 eta 12 irabazi zuten Markina-Xemeingoen txapela ziurtatuz.
Azken partida, beraz, ez zen erabakigarria izan; ezer ez zegoen jokoan, hori dela eta, aurreko biak baino intentsidade gutxiagokoa izan zen. Hala ere, Pujanak eta Kastillok 22 eta 18 irabazi zuten.
Txapelketa «esanguratsua»
Bizkaiko herriartekoa irabazita, «pozik» daude Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldekoak. «Taldeka jokatzen den txapelketa garrantzitsuenetakoa da, eta berezia izaten da», azaldu du Peio Urionabarrenetxea taldeko entrenatzaileak.
Txapela eskuan, orain, Euskal Herrikoa jokatuko dute. Finalaurreko bat etxean eta beste bat kanpoan jokatuko dute Nafarroako, Arabako edo Gipuzkoako taldearen kontra. Zozketaz erabakiko da zein izango duten aurkaria. «Nafarroako eta Gipuzkoako irabazleak asteburu honetan erabakiko dira, eta uztailaren 6an egingo da zozketa», zehaztu du Urionabarrenetxeak.
Berria txapelketa
Herriartekoan garaipena lortu bazuten ere, ez zen gauza bera gertatu Berria Txapelketan. Usurbil zen faborito, eta aurreikuspenak bete egin dira.
Horrela, kadeteetan galdu egin zuen Markina-Xemeingo bikoteak, gazte mailan irabazi eta nagusietan galdu. Kadete eta gazteetan partida motzak jokatu zituzten, eta erraz gainditu zituzten aurkariak talde biek; nagusietan, ostera, partida gogorragoa egon zen, eta Markina-Xemeingo taldeko pilotariak partida ona jokatu zuten arren, gehiago izan zen Usurbil.