Badator Bermeoko XVIII. Jazzaldia. Bihar hasi eta barikura bitartean hiru kontzertu eta jam session bat eskainiko ditu Jizz-Jazz taldeak antolatzen duen Jazzber jaialdiak. Eskualdean erreferentea den jaialdia dela aipatu dute antolatzaileek, jazz jaialdi bakarra baita.
Hiru kontzertuak Bermeoko Kafe Antzokian izango dira, azken urteetan egin modura. Hirurak, gainera, 20:30ean izango dira. Bihar, Jazzber jaialdia irekitzeko bermeotar bat izango da agertoki gainean. Amaia Izarzugazak gidatzen duen Aiama laukotea izango da aurtengo jaialdiko lehenengo taldea.
Aiama laukoteak sortzen dituen konposizioak aurkeztuko dituzte Kafe Antzokian. Jazz amerikarra eta kubatar bolero erromantikoak egiten dituzte, eta Amaia Izarzugazak interpretatzen ditu pianoan eta ahotsean, euskaraz eta ingelesez abestuta. «Bitxia» izango dela diote antolatzaileek, «ez da ohikoa» izaten jazz estiloan konposaketak abestea. Taldeko beste kideak Alemania, Grezia eta Koreatik datoz.
Federico Nathan Quintet
Ordu eta leku berean, eguenean, Federico Nathan Quintet taldea izango da. 2008an sortutako proiektua da eta Nathan anaiek sortu zuten. Taldeak jazz garaikidea eskaintzen du estilo anitzekin. Hala eta guztiz ere, euren herria den Uruguayko candombe, murga eta tango estiloak dira nagusi euren errepertorioan.
Biolina, Bibrafonoa, pianoa, kontrabaxua eta bateria izango ditu taldeak agertoki gainean. 2013an Rumaniako Bucharest International Jazz Competitionean talderik onenaren saria lortu zuten.
Maciek Wojciesszuk Quintet
Jazzber jaialdiko hirugarren egunean eta azkenean, barikuan, Maciek Wojciesszuk Quintet taldearen txanda izango da. Piano, tronpeta, saxofoi, kontrabaxu eta bateria doinuak eskainiko ditu taldeak.
Maciek Wojcieszuk perkusionistaren ekimen baten ondorioz sortzen den taldea. Honen lanak bere esperientzia zuzenaren eraginak islatzen ditu, eta ez soilik jazz munduaren ingurukoak. Hala ere, beste genero batzuetako eraginak ere badituzte: rocka, zelten musika, Balkanetako folka eta antzerkirako bereziko sortu dituen musika ekoizpenena.
Doako jaialdia
Ohi legez, Jazzber jaialdiari amaiera borobila eman asmoz, Jam Sessiona egingo dute bariku gauean. Bermeoko Kafe Antzokian barik, Jam Session-a Izaro Irish Pub-ean egingo dute aurrekoetan modura. Jazz jaialdiko azken saio hori 22:00etatik aurrera izango dela azaldu dute antolatzaileek.
Jazzaldi «polita» izango dela diote antolatzaileek, batak bestearekin zerikisurik ez duela eta, talde guztien kontzertuak ikustea «merezi» duela aipatu dute, gainera.
Jazzber jaialdia doakoa dela gogorarazi gura izan dute antolatzaileek. Eskualdean ospatzen den jazz jaialdi bakarra denez, Bermeoko bizilagunak ez ezik, inguruko herrietako bizilagunak ere erakartzen dituen jaialdia da Jazzber. Horregatik, aurten ere jazz musika zaletuak eta musika zaleak orokorrean, hurbiltzera eta parte hartzera deitzen dituzte, «musikaz gozatzeko eta jazz estiloa hobeto ezagutzeko aukera baitago».