Ametsetik historia egitera
Gernika futbol taldeko jokalariek klubaren historiaren beste orri bat idatzi dute; zapatuan urte bikaina borobildu zuten. Egindako lanaren saria helduta, Bigarren B mailako taldea da Gernika.Emozioz beteriko eguna izan zen zapatukoa Gernika futbol tald...
Gernika futbol taldeko jokalariek klubaren historiaren beste orri bat idatzi dute; zapatuan urte bikaina borobildu zuten. Egindako lanaren saria helduta, Bigarren B mailako taldea da Gernika.
Emozioz beteriko eguna izan zen zapatukoa Gernika futbol taldeko jokalari, talde tekniko, zuzendaritza talde eta zaleentzat.Hirugarren mailatik Bigarren B mailara igotzeko bidean hiru kanporaketa gogor lehiatu ostean, 2015-2016 denboraldian Bigarren B mailan jokatuko du talde gernikarrak.
Klubaren historian balentria handia lortu dute jokalariek, taldea 1994-1995 denboraldian aritu baitzen azkenengoz Bigarren B mailan.
Festa giroa nagusitu zen zapatu arratsalde osoan. Hitzorduak merezi zuen moduan erantzun zuten herritarrek.
Kalejiran Urbietara
Festa giroan heldu ziren zaleak Urbietara; kalejira egin zuten herrigunetik futbol zelaira, eta partida osoan taldea animatzen aritu ziren. Zelaia leporaino bete zuten, eta erabiltzen ez den bigarren harmaila zabaldu zuten hitzordu garrantzitsurako.
Banako berdinketagaz amaitu zen Gernika eta Osasuna Promesas taldeen arteko norgehiagoka. Etxeko taldeak hartu zuen aurre markagailuan. Partida hasi eta ordu laurdenera Carracedok sartu zuen 1-0koa. Entziondoren pasea buruz errematatu zuen abadiñarrak, eta orduan lehertu ziren harmailak.
Gol aukera bat baino gehiago izan zituzten bi taldeek, baina etxekoek 90. minutuak kontrolpean izatea lortu zuten.
Hala, 92. minutuan Morillasek buruz sartu zuen berdinketaren gola. Handik gutxira, Borjak ere estualdi larrian ipini zuen Altamira atezaina, baina ez zuen 1-2-koa egitea lortu.
Azkenengo minutuak oso luzeak izan ziren, amaiezinak benetan jokalari zein zaleentzat. Baina epaileak partida amaiera adierazi zuenean, festa lehertu zen.
Zoramena izan zen. Zale asko jaitsi ziren futbol zelaira, ume zein nagusi emozioz beterik joan ziren jokalariak zoriontzera. Horiek ere, elkar besarkatuz, saltoka, oihuka… bati baino gehiagori malkoak igartzen zitzaizkion. Altamira atezainak hitz emandako moduan ilea moztu zuen, ia kaskamotz geratzeraino. Inguruko ume zein helduak hari begira egon ziren harrituta.
Kaleetan zehar kamioian
Goi-goitik ospatzeko momentua heldu zen orduan. Futbol zelaiaren ostean, festak aldageletan jarraitu zuen, eta gero jokalariak eta klubeko gainontzeko kideak kamioira igo, eta udaletxera heldu aurretik, pozarren, herritik buelta bat eman zuten. Zoriontasuna zaleekin eta herritar denekin partekatzeko momentuak izan ziren.
Alkateak eta zinegotziek harrera egin zieten udalean, eta zoriontzeagaz batera, datorren denboraldian ere jokalari berek segitzea espero zuela esan zuen. Gainera, udalak futbol zelaia berrituko duela hitz eman zien.
Udal ordezkariek udalbatza aretoan jokalariak zoriondu ondoren, udaletxeko balkoira irten ziren entrenatzaile eta presidenteagaz batera, zaleen aurrera.
Bertan, denboraldi osoan zein kanporaketetan afizioak erakutsitako babesa eskertu zuten. Lander Torrealdaik etxeko zein kanpoko neurketetan zaleak taldeagaz egotea eskertu zuen: «Eskerrik asko taldekideei eta afizionatuei gure ametsa egi bihurtzen laguntzearren. Oso polita izan da zuek gugaz ikustea etxeko zein kanpoko partidetan».
Udaletxe aurreko Foruen plazan bildutako jendetzak taldea zoriontzen eta gogor animatzen jarraitu zuen. Jokalariek banan-banan hitza hartzean haien izenak oihukatzen zituzten.
Emozioz beterik
Egun berezia zen denentzat, baina Iñaki Zarandonarentzat are bereziagoa izan zen: «Niretzat urte hau oso berezia da. Nire azken urtea da futbolean. Eskerrik asko animo guztiagatik; gaurko eguna ez dut ahaztuko inoiz. Igoera lortzea itzela izan da niretzat, eta beti egongo naiz Gernika animatzen».
Jabi Luaces entrenatzailea ere oso hunkituta zegoen, eta jokalarien lana nabarmendu zuen: «Niretzat ametsa da; egun handia da. Lan asko egin dugu, batik bat, amets hau betetzea posible egin duten jokalariek. Eurentzat zorionak! Orain gozatu, eta hurrengo denboraldian Bigarren B mailan gerra emateko prestatuko gara!».
Beragaz lehiatu zuten igoerako play off-a azkenengoz duela sei urte, eta orduan ez bezala, orain helburua bete dute.
Angel Artola klubeko presidenteak ere hunkituta zegoela onartu zuen: «Zaleetaz oso harro gaude, afizio zoragarria daukagu, eta pozgarria da urte askotan lortu ez duguna denok batera ospatzea. Zaleez gain, ez dut berbarik taldea deskribatzeko; jokalariak eta talde teknikoa zoragarriak dira. Denboraldi hasieran hau esan izan balidate, ez nuen sinistuko».
Imanol Etxabek ere denboraldia borobiltzat jo zuen: «Aurtengoa berezia izan da. Ikustea hainbeste ume eta gazte animatzen, benetan, berezia da. Ea hurrengo denboraldirako jende gehiago animatu, eta bazkide berriak lortzen ditugun».
Denen moduan, Igor Salutregi ere lortu dutena sinistu ezinik zegoen: «Ez dakit zer esan; niretzat amets bat da hau! Aurten bizi izan duguna oso berezia izan da. Zelaira hurbildu zareten guztioi eskerrik asko. Igoera ametsa izan da, baina ikustea zelako ilusioa piztu den herri guztian… Ez dago hori azaltzeko berbarik».
Jai giroan egin zuten gaueko udaletxeko ekitaldia, eta gero ere, klubeko kide zein zaleek, giro ezin hobean segitu zuten elkarrekin egi bihurturiko ametsa ospatzen; klubaren historiaren parte direla ospatzen.