Atzo Malagako hiriburuko uretan lehiatu zuten denboraldi honetako lehenengo jardunaldia, eta Euskadi Basque Country bandera Hondarribiak eskuratu zuen. Ezustekorik ez zen izan, eta liga irabazteko ohiko lau faboritoek lehenengo lau postuetan amaitu zuten estropada.
Alde estua egon zen irabazlearen eta Urdaibai bigarren sailkatuaren artean. 19 minutu, 23 segundo eta 76 ehuneneko denbora egin zuen traineru gipuzkoarrak, eta bermeotarrek, berriz, 19 minutu, 24 segundo eta 26 ehunenean amaitu zuten estropada.
Oriok egin zuen hirugarren, Hondarribiarengandik 14 segundo eta 20 ehunenera, eta Kaiku laugarrena, irabazlearengandik 18 segundo eta 46 ehunenera geratu zen.
Lehenengo txandako lehenengoa
Lehenengo txandan irten zen Urdaibai, Tiran, Orio eta Zierbenagaz batera, eta txandako lehenengoa izan zen. Atzetik, Orio heldu zen, 19 minutu, 37 segundo eta 96 ehuneneko denbora eginda. Tiranek amaitu zuen hirugarren, eta Zierbena izan zen lehenengo txandako azkena.
Bigarren txandan, Hondarribia, Portugalete, Astillero eta Samertolomeu irten ziren. Hondarribiak alde handia atera zien gainontzekoei; Astillerok amaitu zuen bigarren, 19 minutu, 46 segundo eta 56 ehunenera. Beste biek hogei minutu pasatxotan burutu zuten estropada.
Bestalde, hirugarren txanda Kaikuk, San Pedrok, San Juanek eta Cabok osatu zuten, eta Kaikuko arraunlariek egin zuten txandako denborarik onena: 19 minutu, 42 segundo eta 22 ehunen. Alde txikiagaz San Juan izan zen bigarrena, 19 minutu, 42 segundo eta 66 ehuneneko denbora egin baitzuen. Cabo izan zen hirugarren txandako hirugarrena, eta San Pedro laugarrena.