Emozioz beteriko eguna izan zen zapatukoa Gernika futbol taldeko jokalari, talde tekniko, zuzendaritza talde eta zaleentzat. Hirugarren mailatik Bigarren B mailara igotzeko bidean hiru kanporaketa gogor lehiatu ostean, 2015-2016 denboraldian Bigarren B mailan jokatuko du talde gernikarrak.
Banako berdinketarekin amaitu zen Gernika eta Osasuna Promesas taldeen arteko norgehiagoka. Etxeko taldeak hartu zuen aurre markagailuan. Partida hasi eta ordu laurdenera Carracedok sartu zuen 1-0-koa. Entziondoren pasea buruz errematatu zuen abadiñarrak, eta orduan lehertu ziren harmailak.
Hain zuzen ere, festa giroa nagusitu zen arratsalde osoan. Festa giroan heldu ziren zaleak Urbietara; kalejira egin zuten herrigunetik futbol zelaira, eta partida osoan zehar taldea animatzen aritu ziren. Zelaia leporaino bete zuten, eta geldituta dagoen bigarren harmaila ere zabaldu zuten hitzordu garrantzitsurako.
Gol aukera bat baino gehiago izan zituzten bi taldeek, baina, etxekoek 90. minutuak kontrolpean izatea lortu zuten. Hala, 92. minutuan Morillasek buruz sartu zuen berdinketaren gola. Handik gutxira, Borjak ere estualdi larrian ipini zuen Altamira atezaina, baina, ez zuen 1-2-koa egitea lortu.
Azken minutuak oso luzeak, amaiezinak izan ziren jokalari zein zaleentzat. Baina, epaileak partida amaiera adierazi zuenean, festa lehertu zen. Zoramena izan zen. Zale asko jaitsi ziren futbol zelaira, ume zein nagusi emozioz beterik joan ziren jokalariak zoriontzera. Horiek ere, elkar besarkatuz, saltoka, oihuka… bati baino gehiagori malkoak igartzen zitzaizkion.
Goi-goitik ospatzeko momentua heldu zen orduan. Futbol zelaiaren ostean, festak aldageletan jarraitu zuen, eta gero jokalariak eta klubeko gainontzeko kideak kamioi gainera igo, eta udaletxera heldu aurretik, pozarren, herritik buelta bat eman zuten.
Alkateak eta zinegotziek harrera egin zieten udalean, eta udalbatza aretoan jokalariak zoriondu ondoren, udaletxeko balkoira irten ziren entrenatzaile eta presidenteagaz batera, zaleen aurrera. Bertan, denboraldi osoan zein kanporaketetan afizioak erakutsitako babesa eskertu zuten. ADIERAZPENAK: LANDER TORREALDAI Jokalaria
“Eskerrik asko taldekide guztiei eta afizionatu denei gure ametsa egi bihurtzen laguntzearren. Lortu dugu, eta azkenean niretzat politena izen da zelan egon den jendea batez be play offetan taldeagaz batera, eta espero dugu datorren urtean jendeak gugaz segitzea. Oso polita izan da zuek gugaz ikustea, bai etxeko partidetan eta baita kanpokoetan ere. Forza Gerni!”IGOR SALUTREGI Jokalaria
“Ez dakit zer esan ere; niretzat amets bat da hau! Aurten bizi izan duguna oso espeziala izan da. Zelaira hurbildu zareten guztioi eskerrik asko. Igoera ametsa izan da, baina, ikustea zelako ilusioa piztu den herri guztian eta… Hemen dauden ume guztiak gure kamioiaren ondotik korrika ikustea… Ez dago hori azaltzeko berbarik. Iruñean aurreko astean bizi izan genuena benetan ez zaigu ahaztuko. Eskerrik asko!”JON ALTAMIRA Atezaina
“Eskerrik asko etorri zareten guztioi, laguneri, familiari eta Gernika guztiari. Forza Gernika!”IMANOL ETXABE Jokalaria “Eskerrik asko denoi, benetan. Aurtengoa espeziala izan da. Ikustea hainbeste ume eta jende gazte animatzen, benetan, espeziala da. Ea hurrengo denboraldirako jende gehiago animatzen bada, eta bazkide gehiago egitea lortzen dugun!”IÑAKI ZARANDONA Jokalaria
“Eskerrik asko, niretzat urte hau oso espeziala da. Nire azken urtea da futbolean. Bakarrik esan eskerrik asko animo guztiagatik. Gaurko eguna ez dot ahaztuko inoiz. Hau igoera itzela izan da nirentzat, eta beti egongo naz Gernika animatzen. Forza Gerni!”JABI LUACES Entrenatzailea
“Niretzat ametsa da. Busturiarra izan arren, bizi osoa daramat Gernikan; egun handia da, eta hunkituta nago. Lan asko egin dugu hemen gaudenok, batik bat, amets hau betetzea posible egin duten jokalariek. Eurentzat Zorionak! Orain gozatu, eta hurrengo denboraldian Bigarren B mailan gerra emateko prestatuko gara!”
ANGEL ARTOLA Presidentea
“Zaleetaz oso harro gaude, afizio zoragarria dugu, eta pozgarria da urte askotan lortu ez duguna denok batera ospatzea. Hemen egotea asko eskertzen dizuet. Zaleez aparte, ez dut berbarik taldea deskribatzeko; jokalariak eta talde teknikoa zoragarriak dira. Oraindik hunkituta nago. Hau denboraldi hasieran esan izan balidate, ez nuen sinistuko! Jokalari ikaragarriak ditugu!”
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.