Mutrikuko puntistek Gipuzkoako Herriarteko finala jokatuko dute
Danok Bat pelotazale elkarteko kideek, azken urteetan gertatu modura, Zumaia izango dute aurkari. Mutrikuarrak finala eta txapelketa irabazteko faborito nagusi diraGaur, 19:30ean hasita, Gipuzkoako Herriateko Txapelketako zesta-punta finalak jokatuko d...
Danok Bat pelotazale elkarteko kideek, azken urteetan gertatu modura, Zumaia izango dute aurkari. Mutrikuarrak finala eta txapelketa irabazteko faborito nagusi dira
Gaur, 19:30ean hasita, Gipuzkoako Herriateko Txapelketako zesta-punta finalak jokatuko dira Mutrikuko Miruaitz frontoian. Danok Bat pelotazale elkarteko kideek finalerako txartela lortu dute, eta euren aurka Zumaia ariko da.Aurten, gainera, finala berezia izango da mutrikuarrentzat, etxean jokatuko dute eta. Danok Batekoek adierazi dutenez, gainera, aurkaria nahikoa ezaguna dute.
Biak ala biak, maila onean dabiltza, eta hainbat final jokatu dituzte euren artean. Gipuzkoako Herriarteko azken hiru finalak, esate baterako, euren aurka jokatu zituzten. Aurten ere, euren burua irabazteko aukerekin ikusten dutela nabarmendu dute. «Txapelketa irabazteko faborito gara. Azken hiru finaletatik bi geuk lortu ditugu, eta aurten hirugarren txapela eskuratzea nahiko genuke».
Gutxienez bi
Finalari dagokionez, hiru mailatan banatuta jokatuko da: kadete, gazte eta nagusi mailan. Hiru partidatik gutxienez bi irabazten dituenak irabaziko du aurtengo herriarteko txapelketa.
Kadeteek jokatuko dute arratsaldeko lehen partida. Ekaitz Mendizabal eta Mikel Manzisidor lehen puntua lortzen ahaleginduko dira.
Horien atzetik, gazteen partida jokatuko da. Zumaiarren aurkako partidan Jon Goenagak eta Aitor Andonegik ordezkatuko dituzte mutrikuarrak. Azkenik, nagusien finala izango da. Jon Mendizabal Goxerri eta Iker Barrenetxea bikote zumaiarra mendean hartzen ahaleginduko dira.
Urte bukaerako jaia
Danok Batek jakitera eman duenez, gainera, uztailaren 4an egingo da urte bukaerako jaialdia. Bertan parte hartu nahi dutenek domeka aurretik eman beharko dute izena, frontoian bertan jarrita dagoen orrian.