Udalak 159 txakur ikuskatu ditu, maiatzaren 14a eta ekainaren 1a bitartean
Hamasei espediente administratibo ireki ditu udalak, baldintzak ez betetzearren. Hiru bat astean Alde Zaharrean jarraipen zehatzak egin ondoren, Tala inguruan ari dira udaltzainak orainMaiatzean abiarazi zuen Bermeoko Udalak txakurrak eta orokorrean an...
Hamasei espediente administratibo ireki ditu udalak, baldintzak ez betetzearren. Hiru bat astean Alde Zaharrean jarraipen zehatzak egin ondoren, Tala inguruan ari dira udaltzainak orain
Maiatzean abiarazi zuen Bermeoko Udalak txakurrak eta orokorrean animalia guztiak kontrolpean izateko eta herria garbi mantentzeko kanpaina. Hala, jakinarazi dutenez, maiatzaren 14an hasi eta ekainaren 1era bitartean, 159 txakur ikuskatu dituzte, baldintza guztiak betetzen dituzten egiaztatzeko. Hainbat arrazoi tarteko, hamasei espediente administratibo ireki dituztela azaldu dute.Bestalde, txakurren kakak agertzen diren tokiak ere identifikatzen ari dira udaleko langileak, gune horietan kontrol zehatzagoak egiteko asmoz.
Jarraipen zehatzak
Kanpainaren baitan, animalien inguruko ordenantza gaurkotu dute, udaltzaingoa jarraipen zehatzak egiten ari da, eta eskuorri informatiboak ere banatu dituzte, besteak beste. Eskuorri horietan «txakur bat izatearen ardurak eta horrek ez betetzearen ondorioak» gogorarazten dira.
Bermeoko Udalak adierazi duenez, «herritarren segurtasuna bermatu asmoz eta herria txukun mantendu ahal izateko, garrantzitsua da animaliek baldintza guztiak betetzea». Udaltzaingoa, hortaz, jarraipen zehatzak egiten ari da. Hiru aste inguru Alde Zaharrean egin dituzte; orain, berriz, Talako inguruetan egiten ari dira.