Liburu digitalen hiru mailegu egiteko aukera eskainiko da udan
Aisialdiko orduei ahalik eta etekin handiena atera asmoz, uda opor garaia izanik, Bermeoko Udal Liburutegiak hiru liburu digital mailegatzeko aukera eskainiko du. Hala uda honetan, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko erabiltzeek «ez dute ez irakurtzeko aitzakiarik izango», diote udal liburutegiko arduradunek.
Liburu digitalak doako maileguan eskaintzen ditu liburutegiak, on line. Orain arte erabiltzaileek, gehienez, bi liburu mailegatu ahal izan dituzte aldi berean. Udan, baina, erabiltzaileek bat gehiago hartu ahalko dute.
Liburutegiko arduradunek gogorarazi dutenez, www.liburuklik.euskadi.net webgunetik jaitsi ahal dituzte erabiltzaileek maileguan dauden liburuak. Telefono mugikorretara, liburu elektronikoetara, tabletetara edota ordenagailuetara jaitsi daitezke. Erabiltzaile bakoitzak bere pasahitza edukita soilik hartu ahalko ditu liburuak.
21 eguneko mailegua
Bermeoko udal liburutegitik azaldu dutenaren arabera, zerbitzu ahau jaso ahal izateko erabiltzaileek zenbait baldintza bete beharko dituzte. Interneterako konexioa eta internetarako konexioa duen gailu bateragarri bat eduki beharko da, eta gainera, liburutegiko bazkide izan beharko da. Bazkide txartela ez dutenek, udal liburutegian eska dezakete.
Mailegatutako liburu bakoitza 21 egunez izan ahalko du erabiltzaileak. Denbora hori pasata, ezabatu egiten da liburua eta ez du irakurtzeko aukerarik ematen. Hala ere, mailegua iraungi baino 5 egun lehenago gogorarazteko mezu bat bidaltzen zaie erabiltzaileei.
Bermeoko Udalak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegiekin batera eskaintzen du mailegu zerbitzua.