Herriko kaleak euskal kantekin beteko ditu 'Kanta kanta lorue' ekimenak
Bermeoko kaleetatik euskal kantak abesten joateko Kanta kanta lorue ekimena martxan jarriko dute bihar. Bermeoko Jai Batzordeak eta herriko hainbat kultur taldek antolatu dute ekimena.
Irailaren 7tik 16ra bitartean izango diren Andra Mari eta Santa Eufemia jaiei begira antolatutako ekimena da gaur hasiko dutena. Azaldu dutenez, «Jai Batzordean jaietako egitarauaren baitan, euskal kantak herriko kaleetatik abesten joateko ekimena sartzea proposatu zen». Ideia hori onartuta, ekimen hori prestatzeko, udako hileetan hainbat saio egitea proposatu zuten, eta biharkoa izango da hortaz, lehenengo saioa.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Kanta kanta lorue ekimena irekia da eta gura duten pertsona guztiek parte hartu ahalko dute, baldintza bakarra «abesteko gogoa» izatea dela diote. Hortaz, «herrian giro paregabea» sortuko dutela eta, herritar guztiak gonbidatu dituzte ekimenean parte hartzera. Bihar, 20:00etan ipini dute hitzordua Goiko Plazan. Handik abiatuta, Bermeoko kaleak zeharkatuko dituzte kantu kantari.
Bertaratzen diren guztiei 20 euskal kanten letrak banatuko dizkiete. Hala ere, QR kodigo baten bidez ere ordenagailura edo telefono mugikorrera ere deskarga daitezke. Ekimenaren kartelean aurki daiteke QR kodigoa.
Gaurko saioaz gain, Andra Mari jaiak orduko, beste bi saio egingo dituztela azaldu dute antolatzaileek. Uztailaren 24an eta abuztuaren 28an, biak barikuak, batuko dira berriro.