
Argazkilaria: MDK Swim Bermeo-Mundaka.
12:00ak aldera irtengo dira Bermeoko portutik, eta 2.500 metro inguruko distantzia egingo dute Mundakako portura heltzeko. 300 igerilarik hartuko dute parte aurten.
Lau kategoria egongo dira: Gizonezkoak neoprenorik barik, emakumezkoak neopreno barik, gizonezkoaz neoprenoagaz eta emakumezkoak neoprenoagaz.
Partaideetako batzuk, bihartik egongo dira Mundakan, eta beste batzuk bertakoak edo ingurukoak direnez, bihar arratsaldean, dortsalak hartzeko aukera izango dute. 19:00etatik aurrera banatuko dituzte Mundaka Hostel sports-Cafen.
Zapatuan ere, Mundaka BC dendan banatuko dituzte dortsalak, 09:00etatik 10:30ak bitartean. Ostean, parte hartzaile guztiak joango dira autobusetan proba hasiko den Bermeoko portura. Bertan jantzitegia ipiniko dute, 10:30etatik 11:30etara.
Lehenengo igerilariak helmugara 12:45ak inguruan heltzea aurreikusi dute antolatzaileek. Hala, partaide guztiek dutxatzeko aukera izango dute Mundaka Hostelen edo Mundakako Arraun taldearen egoitzan.
Ondoren, sari banaketa ekitaldia Mundakako Lehendakari Agirre enparantzan egingo dute, 13:30ak inguruan hasita. Kategoria bakoitzeko lehenengo hirurek jasoko dute saria, eta lehenengo heltzen den mundakarra edo bermeotarra ere sarituko dute.
Bigarren urtea
Iaz antolatu zuten lehenenego aldiz itsas zeharkaldia, eta esperientzia “arrakastatsua” izan zen. Gainera, itsasoaren baldintzak egokiak izan ziren, itsasoa bare-bare egon zelako eta aurten ere proba baldintza horietan egitea espero dute antolatzaileek. Iaz, Ibon Salazar nagusitu zen gizonezkoetan, eta emakumezkoetan, berriz, Magdalena Musons heldu zen lehenengo Mundakako portuko helmugara.
Itsas zeharkaldiaren helburua, kirola sustatzea, eta inguruko turismoari bultzada ematea da. “Halaber, iragana eta oraina uztartu gura ditugu, itsasoa eta turismoa eskutik helduta”.