
Urdaibaik Kontxako bandera irabazi zuen iaz.
San Migel ligako hamabi klubek Euskadi Basque Country III. Bandera lehiatuko dute. Hain zuzen ere, denboraldi honetan arraun talde hauek daude TKE ligan: Urdaibai, Zierbena, Portugalete, Kaiku, Orio, San Juan, San Pedro, Hondarribia, Tiran, Astillero, Samertolameu eta Cabo.
Domekan, 12:00etan hasiko da estropada, eta ontziak lau traineruko hiru txandetan banatuko dituzte. 5.556 metroko (hiru itsas milia) distantzia egin beharko dute traineruek.
Irabazleari uretan emango diote Euskadi Basque Country bandera, eta 3.285 euroko diru saria jasoko du.
Asteburu osoko jaia
Bihar arratsaldean hasi, eta domeka arratsaldera bitartean askotariko ekitaldiak egingo dituzte Malagan. Bihar, 18:30ean hasi eta 20:00ak arte Surf Euskadi ekimena aurkeztuko dute, eta 21:00etatik 23:30etara trikipoteoa egingo dute alde zaharreko tabernetatik.
Etzirako, berriz, egun osoko egitaraua prestatu dute. 12:30ean egingo dute
Euskal asteburuaren irekiera ofiziala. Ostean, dantza eta herri kirolen erakustaldiak egongo dira ikusgai.
Eguerditik gauera bitartean, La Farola pasealekuan, besteak beste, stand up paddle surfa praktikatzeko doako irteerak, parrilladak, kontzertuak, eta
Home Coming surfaren inguruko pelikularen proiekzioa egingo dituzte. Halaber, euskal turismoaren inguruko informazio puntua ere ipiniko dute, turismoa erakartzeko asmoz.
Domekan ere leku berean elkartuko dira estropada ikustera doazenak. Bertan, San Migel ergometroen lehiaketa herrikoia, photocall-a, herri kirolak eta We Are Not Dj’s emanaldia egingo dituzte.