
2013an sartu zen Ertzaintza Arrano etxera, inbentarioa egiteko
Joan den astean eman zuten jakitera 35/02 auzian Auzitegi Gorenak emandako epaia. Auzitegi Nazionalak emandako sententzian zigortutako 111 elkarteetatik sumariotik kanpo utzi ditu lau, horien errekurtsoa onartu ostean. Dena den, 107 kultur elkarte zigortu ditu Gorenak; tartean, Gernika-Lumoko Arrano Kultur elkartea, Bermeoko Bolatoki.
12 urte luze iraun ditu auziak, 2002an egin baitzuten Batasunaren kontrako polizia operazioa, eta 2014ko urrian hasi zen Batasunako kideen eta Euskal Herriko 120 kultur elkarteren kontrako epaiketa. 35/02 sumarioan epaitu eta zigortu dituzte Karmelo Landa eatarra eta Sukarrietako bizilagun Jon Martinez. Urtebete eta 10 hilabeteko zigorra agindu du Gorenak Landarentzat, eta urtebete eta hiru hilabetekoa Martinezentzat.
Orain, Auzitegi Gorenak 700 orri baino gehiagotan emandako epaia esku artean, bide judizialak agortuko dituztela diote elkarteetako abokatuek. Bermeoko eta Gernika-Lumoko elkarteen defentsa daraman Aitor Amutio abokatuak azaldu duenez, epaia baliogabetzeko eskatuko diote Auzitegi Gorenari. Horrez gain, ezer ebatzi ostean elkarteen kontrako behin-behineko neurririk ez hartzeko ere eskatuko dute abokatuek. Epaiaren baliogabetasuna eskatzea derrigorrezko pausoa da, ostean Auzitegi Konstituzionalera jo ahal izateko. Berezitasunak kontuan izan gabe, elkarte guztientzat akusazioa berbera izan dela kritikatu dute abokatuek: «ETA diruz lagundu dutela. Kasu danetan eta irakurketa bera izan da».
Gainera, epaiketan akusazioa frogatzerik ez zutela izan esan dute. «Epaiketa hasi zen egunera arte ez dugu jakin zein zen elkarteen aurkako akusazioa. «Hainbat urtetan zabaldu izan dute elkarteak ETA finantzatzeko tresna zirela, baina ez dugu jakin zertan oinarritzen ziren akusazio hori egiteko». Kasua bitxia dela dio Amutiok, «taberna bat ETA finantzatzeko tresna balitz, elkarteak eurak ere legez kanpo uzti beharko lituzkete, eta ez da horrela izan. Elkarteak eurak legezkoak izaten jarraitzen dute».
Hainbat urtetan zabaldu izan dute elkarteak ETA finantzatzeko tresna zirela, baina ez dugu jakin zertan oinarritzen ziren akusazio hori egiteko”
Mobilizazioak
Sententziaren aurka agertu izan dira herritarrak azken egunetan, hainbat herritan egindako protesten bidez. Hala ere, datozen egunetarako ere mobilizazioak deitu dituzte. Bariku iluntzean, poteo ilegala egingo dute Bermeon. Edalontzi eta pegatina «ilegalak» utziko dituzte alde zaharreko zenbait tabernatan, «baita epaiketa anti-politikoari buruzko eskuorriak ere». Beraz, 20:00etatik aurerra, pintxopotean dabiltzan kuadrillei edalontzi eta pegatina «ilegal» horiek erabiltzeko eskaera egin diete. 22.00etan Bolatoki tabernan elkartuko dira. Zapaturako, Terraza ilegala ekimena antolatu dute, Lamerako eta Portu zaharreko terrazetan edalontzi eta pegatina «ilegalak» erabiliz.
ernika-Lumon, berriz, domekan egingo dute mobilizazio eguna. Goizetik hasita, Arrano etxearen inguruak jendez eta ekimenez bete gura dituzte. bertsolariak, musikariak, umeentzako jolasak eta beste izango dira. Gainera, ate irekiak ere antolatu dituzte, gura duen orok Arrano Etxea ezagutu dezan eta bertan egiten duten lanaren berri izan dezan. Ekitaldi nagusia 13:30ean egingo dute, eta argazki erraldoia atera gura dute.
[Informazio osotua bihar, webgunean eta paperekoan]