Gernika urrea balio duen garaipenagaz bueltatu da
Osasuna B taldearen kontra 0-1 nagusitu da, Sadarren. Zarandonak txilenaz sartu du gola. Zapatuan 19:00etan hasiko da bi taldeen arteko bueltako partida, UrbietanAmetsa errealitate bihurtzetik hurbilago dago Gernika futbol taldea. Hirugarren mailatik, ...
Osasuna B taldearen kontra 0-1 nagusitu da, Sadarren. Zarandonak txilenaz sartu du gola. Zapatuan 19:00etan hasiko da bi taldeen arteko bueltako partida, Urbietan
Ametsa errealitate bihurtzetik hurbilago dago Gernika futbol taldea. Hirugarren mailatik, Bigarren B mailara igotzeko bidean, lehen finala irabazi dute gernikarrek. Aurreko asteetan lehenengo bi kanporaketak gainditu ostean, hirugarren eta azken kanporaketa ere, momentuz alde dauka.Domeka eguerdian, 0-1 nagusitu zen Iruñean (Nafarroan), Osasunaren bigarren taldearen kontra.
Giro itzela izan zuten Sadar futbol zelaian, izan ere, Gernikaren 300 zale inguru batu ziren bertan. Gehienak klubak antolaturiko lau autobusetan joan ziren, eta beste batzuek autoz egin zuten bidea. Denek ere gogor animatu zuten taldea, eta lortutako garaipenagaz pozarren bueltatu ziren herrira.
Partidako gol bakarra Zarandonak sartu zuen; txilenaz egin zuen gola, 70. minutuan. Elantxobetarrak area ertzetik baloia errematatu, eta Julen Osasunako jokalaria jo zuen; orduan baloia desbideratu, eta Juan atezainak ezin izan zuen ezer egin gola saihesteko.
Ondorengo minutuetan etxeko taldeak ez zuen bere jokoa egiten asmatu, eta Gernikak neurketa kontrolpean eduki zuen.
Asteburu honetan, aldeko emaitza horri eutsi beharko dio talde gernikarrak, datorren denboraldian Bigarren B mailan jokatu nahi badu.
Hain zuzen ere, zapatuan, 19:00etatik aurrera lehiatuko dira bi taldeak, Urbieta futbol zelaian.
Partida garrantzitsua bezain berezia izango da, eta beste behin, zaleek ez dute hutsik egingo; giro ezinhobea ziurtatuta dago.