Bermeon bildutako motorzaleak zapatuko ibilbidearen irteeran
Magurios motorzaleen seigarren topaketa «izugarria» izan dela esan du Izaro Bikers elkarteko presidente Jesus Miguelek. Iazko 600 motoak gainditu gura zituzten aurten, eta nahiz eta Bermeon izan diren motorzaleen kopurua ezin duen zehaztu, iazko kopurua gainditzea lortu dutela dio. Zapatuan lagun asko batu baziren ere, domekan izan zen egunik jendetsuena.
Magurios topaketak «gero eta arrakastatsuagoak» dira antolatzaileen esanetan: «Behin datorren motorzaleak errepikatu egiten du, are gehiago, inguruko lagunak ere ekartzen ditu. Horregatik, gero eta motorzale gehiago batzen gara. Euskal Herriko txoko guztietako motorzaleen topagune izan da Bermeo asteburuan eta Espainiatik etorritako motorzaleak ere erakarri ditugu».
Elkarrekin hainbat gauza egin dituzte: jokoak, ibilbideak, erakustaldiak…guztiak «arrakastatsuak» izan dira, «jendea gustora bueltatu da». Topaketak antolatzeko «lan handia» egin behar da, baina asteburuak eman duena ikusita, «merezi» duela dio Izaro Bikerseko presidenteak.