Argazkilaria: Euskobox
Barikuan, Bilboko La Casilla kiroldegian Jair Cortez boxealaria menderatu zuen. Hiruna minutuko sei borrokaldiren ostean nagusitu zen
Morgako Errebolberra. Hala, bere ibilbide profesionaleko hamargarren garaipena da; orain arte hamar borrokalditik denak irabaztea lortu du.
Zaragozan bizi den ekuatoriarra ez zen izan hasiera batean aurreikusitako aurkaria, baina, arauzko eta burokraziazko arazoak tarteko, Mora eta Vadja boxealariek ezin izan zuten lehiatu, eta Cortezen kontra borrokatu behar izan zuen Lejarragak.
Ez zen izan bien lehenengo borrokaldia; orain dela bi urte ere La Casillan borrokatu ziren, eta orduan ere morgarra izan zen garailea. Barikuan aurrekoan baino lan gehiago egin behar izan zuen
Morgako Errebolberrak. Cortez behin eta berriro ahalegindu zen, baina, Lejarragak aurkaria baino gehiago dela erakutsi zuen.
Zale asko
Hamar borrokaldi egon ziren ikusgai La Casillan, eta bertoko zein kanpotik etorritako zaleez bete zen kiroldegia.
Izan ere, boxeo profesionaleko eta olinpiar kategoriako lehiez gain, luma pisuan Espainiako txapelketa zegoen jokoan. Andoni Gago bilbotarrak eta Sergio Romero madrildarrak jokatu zuten finala, eta Gago nagusitu zenez, hura da Espainiako txapelduna. Hain zuzen ere, kategoria horretan lortzen duen hirugarren gerrikoa da barikuan eskuratutakoa.